Munduko Musikak zikloarekin jarraituz, ostiral honetan, azaroak 14, Arto Tunçboyaciyan armeniarraren doinuak entzungai egongo dira,
Kultur Leioan, 21:00etatik aurrera. Armenian Navy Banden liderraren bakarkako lanek Anatoliako eta Armeniako sustraiko musika aztertzen dute, sorkuntzarako eragin berriekin eta bizitzari ilusioz begiratuta. Ospetsua da folk avant-gardearen eszenan, eta Europako artisten 200 disko baino gehiagotan hartu du parte –artista horien artean, World Music delakoaren izenik ospetsuenetako batzuk daude: esate baterako, Sezen Aksu turkiarra eta Eleftheria Arvanitáki greziarra–, eta, AEBetan, jazzaren figura handi askorekin kolaboratu du; esate baterako, Chet Baker, Al Di Meola edo Joe Zawinulekin. 2007tik, mundu osoko musikariak hartzen dituen “Continental Breakfast” proiektuan sartuta dago. Emanaldirako sarrera 12 eurotan egongo da. Hilaren 28an, berriz, Mafalda Arnauth musikari portugaldarrak eskainiko du saioa, toki eta ordu berean. Argazkian, Arto Tunçboyaciyan.