Sopelako udaletxeko sotoak Bilboko El Pincel taldeko hiru margolariren lanak hartu ditu. 27 koadro dira guztira, akuarelak eta oleoak denak, hainbat gairi buruzkoak. Marta Camiñak Bilbori buruz duen ikuspegia erakusten dute batzuek, ibaiari nagusitasun osoa emanez. Begoña Zumalakarregik paisaiak eta ardandegiak ditu atsegin, mendietan lortzen baitu inspirazio-iturria. Erakusketak Itziar Martinezen oleoak ere biltzen ditu, pertsonen gaineko argi eta itzalei buruzko kolore bizi eta beroekin. Hiru ibilbide ezberdin dituzte artistok, baina astean behin, gutxienez, Bilboko El Pincel aretoan biltzen dira, Rosa Valbuenaren gidaritzapean. Hiru emakumeek afizioz margotzen dute. "Gustatuko litzaiguke horretatik bizitzea, baina gure lanekin tartekatu behar dugu”, diosku Martinezek. Camiñarentzat, berriz, “ihesbidea da, egunerokotik aldentzeko erabiltzen dudana. Koadro bat marrazteak egunean egin dezakedan beste ezerk baino gehiago ematen dit". “Egunen batean akuarela-egilea naizela esatea gustatuko litzaidake”, dio Zumalacarregik. Horregatik, akademian margotzeaz gain, guztiek etxean edo estudioetan dute orain hamar urte hasi zuten abentura honetan jarraitzeko txokoa. Ez da Sopelakoa hiru margolariek egin duten lehen erakusketa, hainbat saiotan esku hartu baitute, bakarka zein lagunduta. Argazkian, Marta Camiñaren "Barcos" izenburuko lana.