Kultura aniztasunaren onuraz jabetzeko antzezlana eskainiko diete Leioako eskola-umeei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 11a, 18:16

Leioako Udalaren Gizarte Zerbitzuek bi antzerki saio antolatu dituzte, Biluts elkartearen laguntzaz, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako ikasleei kultura ezberdinen arteko harremanak ekartzen dituzten onurak erakusteko asmoz. Eskola-umeek Vuela Bonita taldearen “Babel Mundua” izenburuko obra ikusteko aukera edukiko dute azaroaren 13 eta 14an, hau da, ostegun eta ostiral honetan, Mercedarias ikastetxeko areto nagusian. Emanaldi biak euskaraz izango dira eta, guztira, ia 300 neska-mutilek gozatuko dute antzezlanaz, tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Izan ere, Leioako San Bartolome, Artatza, Altzaga, Lamiako, Txomin Aresti eta Betiko hezkuntza zentroetako ikasleak ere hurbilduko dira Mercedariasera. Horretarako, bi autobus jarriko ditu Udalak. Ekimenerako 4.500 euro jarri ditu tokiko erakundeak. Argazkian, "Babel Mundua" antzezlana.

Vuela Bonita taldearen “Babel Mundua” izenburuko lanari dagokionez, familia antzerkia lantzeko proiektu bati esker sortu zen, lanerako tresna gisa, etorkinen arazoez jabetzeko eta heziketan kultura aniztasuna lantzeko. Horri esker, hainbat erakunderen diru laguntza jaso du ekimenak: Eusko Jaurlaritzaren Inmigrazio zuzendaritzarena, Espaniako Inmigrazio Agentzia Nazionalarena eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzarena, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun