Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko neurrien artean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak PSOEren izenean Espainiako aurrekontu guztiak –estatu mailakoak, autonomikoak, foru-aurrekontuak eta udalerrietakoak– babesteko konpromisoa hartu zuen orain aste batzuk. Beranduago, PSOEtik "Eusko Abertzale Ekintzaren udalerrietako aurrekontuak izan ezik" zehaztu zuten. Hasieran, Getxoko PSE-EEk erraztasun handiegirik emango ez zuela zirudien arren, gaurko prentsaurrekoan entzundakoaren harira pentsatu daiteke 2009rako udal aurrekontuak hurbilago daudela. Hala ere, proposamen zehatzak jarri ditu mahai gainean Almansak, nahiz eta EAJk horiei kasu egin ala ez PSE-EEren botoa baiezkotik abstentziora baino ez lukeen aldatuko.
Zorpetzearen alde
Udal ekintza planari dagokionez, besteak beste, etxebizitza publikoak eraikitzeari lehentasuna ematea eskatu du Almansak; horrela, alokairupeko, babestutako edota txandakako apartamentuak sustatuz, gazteen artean. Horretarako, Udalaren ardurapeko enpresa eratzea komenigarria litzatekeen aztertzea proposatu du. Horri lotuta, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrazterketa arintzea eskatu du Getxoko PSE-EEren bozeramaileak. Bestalde, berriro ere jarri du mahai gainean Algortako Portu Zaharreko orubean aquarium-museoa eta musika eta kultur ekitaldietarako eraikina egitea; baita Areetako Xake plaza eta Itzubaltzeta / Romo berrantolatzeko proiektuak ere. Horiek guztiak ordaintzeko "zorpetzearen alde" agertu da Almansa, baita Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean aritzeko ere.