Leioako Udalak sustatutako Bakearen Aldeko Hezkuntza egitasmoaren barruan, familia barruko gatazkak modu baketsuan konpontzeko doako ikastaroa emango die udalerriko aita-amei EHUko Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate Zentroak (GEUZ). Oinarrizko mailan, seme-alabekin egon daitezkeen gatazka motak, horiek konpontzeko moduak eta komunikaziorako trebetasunak landuko dira. Guztira 10 ordu iraungo du ikastaroak, lau saiotan banatuta. Ordutegien arabera, hiru talde desberdin antolatuko dira: lehenengoak asteartero edukiko ditu eskolak, 10:00etatik 12:30era, azaroaren 12tik abenduaren 3ra bitartean. Bigarrena, ostiraletan (18:00etatik 20:00etara) eta larunbatetan (10:00etatik 13:00etara) batuko da, azaroaren 21etik 29ra. Azkenik, hirugarren taldea astearte eta ostegunetan elkartuko da, azaroaren 18tik 27ra, 18:00etatik 20:30era. Oraindik badago izena emateko aukera 944 666 245 telefono zenbakira deituta edota info[abildua]geuz.es e-posta helbidera idatzita.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!