Igande honetan egingo du ibilaldi neurtua Sei-herri elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 12a, 12:07

Urteroko ohiturari eutsiz, udazkenarekin batera, ibilaldi neurtua deitu du Berangoko Sei-herri kultur elkarteak. Igande honetan, azaroak 16, izango da Uribe Kosta zeharkatzen duen ibilaldia. Orain dela 26 urte, herriko gazte talde bat ibilaldia antolatzen hasi zen, "herria eta bere inguruak hobeto ezagutzeko eta euskara bultzatzeko asmoarekin", azaldu dute elkartekoek. "Aisialdiko ekintza bezala sortu zen, garai hartan mendira joateko ohitura puri-purian zegoen eta gure herrian halako zerbait egitea pentsatu zuten. Bigarren urtean, antolatzaileetako bat, "Gomi" gaztea, ezbehar baten ondorioz hil egin zen eta, ordutik bere oroimenez antolatzen da urtero-urtero hutsik egin gabe", gaineratu dute. Argazkian, iaz 200 lagun inguru egon zen bazkaltzen, ibilaldiaren ostean.

Ibiladi neurtua bikoteka egiten da, bi ibilbide prestatu dituzte horretarako, txikitxoena bata eta helduena bestea. Lehenengoak 8 kilometro ditu eta bigarrenak 14 inguru: "Ibilbidea Berango ingurutik egiten dugu, gure elkartearen izenak dioenez ibilbideak gure herriko mugetatik doa (Berango, Getxo, Leioa, Erandio eta Sopela), gure eskualdeko herrien ikuspegi zoragarriez gozatzeko". Ibilbidean zehar hiru kontrol izango dira, bertan bikoteen denborak hartuko dira, guztiek ibilaldi guztia betetzen dutela ziurtatzeko. Horietako batean, hamaiketakoa hartzeko parada izango da denbora geratuko delarik. Irteera eta helmuga Sei-herri herriko tabernaren patioan izango dira, Sabino Arana kalean.

Horrenbestez, helduek 8:30ean eman beharko dute izena, Sei-herri tabernan, ordu erdi beranduago ateratzeko. Txikiek, berriz, 9:00etan daukate apuntatzeko ordua eta 9:30ean irtetzekoa. Ibilaldia bukatuta, bazkaria egingo dute Berangoko frontoian. Hala ere, umeek jolasak izango dituzte aurretik. Sari banaketa 18:00ak aldera izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun