Uribe Kosta eta Erandiotik hurbilago egongo da urtarriletik aurrera euskara hutsezko Hamaika telebista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 12a, 13:26

Atzo aurkeztu zuten Bilboko Itsas Museoan Hamaika Bilbo euskarazko lurreko telebista digitala. Hamaika Taldeak eta Ibaizabal Kultur Elkarteak 2007an sortutako Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak SA enpresa da proiektuaren sustatzailea, eta Iñaki Uria zuzendari nagusia. Tokiko telebista digital berriak urtarrilean hasiko ditu emisioak Bilbon, egunez bi orduz gutxi gora behera. Ondoren etorriko dira Donostia eta Gasteizko telebista euskaldunak, azkenik, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribera hedatzeko. Egitasmoak 500.000 euroko inbertsioa izan du, eta orain 600.000 euroko kapital handitzea hasi dute, eragile gehiagok proiektuarekin bat egin dezan. 200 eta 1.000 euroko akzioak eros ditzake nahi duenak. Argazkian, apirilaren 9an euskara hutsezko Interneteko Ibaizabal telebista bilbotarra aurkeztu zuten.

Hamaika taldeak 2006ko irailaren 19an egin zuen Bilbon bere aurkezpen ekitaldia; telebista arloan euskara sustatzea du helburu nagusia. Eta egun Euskal Autonomia Erkidegoko lizentziei buruz ari bagara ere, Euskal Herri osora hedatzeko asmoa du, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ahantzi gabe. EKHE ("Gara" eta "Kazeta"), CMN ("Deia" eta Noticias Taldea), EKT ("Berria"), Elkar argitaletxea, Euskaltel eta Bainet ekoiztetxearen elkarlanetik sortu zen Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea. Lurreko telebista digitaletarako berrogeita hamazazpi lizentzia banatu zituen Lakuak, hamabost esparrutan banatuak. Eta esparru bakoitzeko lizentzia bat lortu zuen Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak, bere ekimen propioari eta Tokiko Telebistak taldearekin sinatutako hitzarmenei esker.

Zuzenean eskuratutako lizentzien artean Ikus-entzunezkoak (Laudio eta Gasteiz), Arno Ikus-entzunezkoak (Eibar), Donostialdea Ikus-entzunezkoak (Donostia), Oarsoaldea-Bidasoa Ikus-entzunezkoak (Irun), Urkiola Ikus-entzunezkoak (Durango) eta Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak (Bilbo, Getxo, Mungia eta Barakaldo) kokatzen dira. Beste bostak berriz, Tokiko Telebistak elkartearekin iragan martxoan lortutako hitzarmenei esker. Hauen artean, Goiherriko Ikuskari (Beasain), Goiena Komunikazio Zerbitzuak (Arrasate), Tolosako Komunikabideak (Tolosa), Urolaldeko Komunikabideak (Zarautz) eta Oizmendi Telebista (Bermeo) daude. Bestalde, 2010ra arte telebista analogiko eta digitalak aldi berean emitituko dute, telebista analogikoa itzali arte, eta Hamaika Telebista izango da euskaraz emititzen hasiko den lehenengo euskarazko tokiko telebista. Gainontzeko telebista lizentziei dagokienez, beste hiru talde nagusik lortu dituzte gehienak. Localiak hamabost lortu ditu eta Localmediak hamabi, Vocento taldeak beste. Tele 7k bi lortu ditu eta Donostiako eta Barakaldoko udalek, bana.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun