Azken hiru urteotan egin duen bezala, aurten ere Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Bideo-lehiaketaren laugarren edizioa abenduaren 13an izango da, Donostian, Tabakaleraren instalazioetan. Sortu zen unetik bertatik oso harrera ona izan du Ikus-entzunezkoen Rallyak, Topaguneko arduradunek diotenez. Hori dela-eta, "denbora honetan berez hartzen joan den izaera azpimarratzeko", izen propioa ere hartuko du aurten: Kameratoia. "Izenak oso ondo islatzen ditu ekimenaren ezaugarriak: alde batetik kamera dago, azken finean bideo-lehiaketa baita; eta bestetik, maratoia, lehiaketa horixe izaten baita bertan parte hartzen dutenentzat", azaldu dutenez. Izan ere, hamar orduko epea ematen zaie parte hartzaileei, goizeko 9etatik arratsaldeko 7ak arte, egunean bertan ezagutuko duten gaia eta euren lanetan derrigorrez agertu behar diren zenbait ezaugarri emanda, hiru minutuko bideo baten istorioa asmatu, irudiak grabatu, editatu eta jendaurrean aurkezteko. Argazkian, hainbat gazte grabazioa egiten Ikus-entzunezkoen Rallyaren iazko edizioan / Topagunea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!