Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, hilaren 17tik 21era bitartean autodefentsa ikastaroa egingo dute Sopelan, Itzartu emakumeen elkarteak antolatuta. Ekimena 18 urte baino gehiago duten emakumezkoentzat izango da udaletxeko erakusgelan, 18:00etatik 20:00etara. Tokiak mugatuak dira: 20 emakume gehienez, udal iturriek zehaztu dutenez. Izena emateko 46 765 598 (Itzartu) edo 944 065 519 (Sopelako Udala) deitu beharko da, ahalik eta lasterren. Bitartean, azaroaren 21ean, Gizonduz karpa jarriko dute udaletxeko plazan. Eusko Jaurlaritzaren ekimena da Gizonduz, Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariak berak bultzatu duena, Emakunderen lankidetzaz, "gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko gizonen partaidetza lortzeko asmoz". Asteartean, azaroak 25, 19:00etan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren agiri ofiziala eta Itzartu taldearen adierazpena irakurriko dituzte ordezkari politikoek, udaletxe aurrean. Gainera, urteroko globo zuriak jaurtiko dira eta film bat proiektatuko dute. Argazkian, udal arduradunak eta Itzartuko kideak emakumeenganako indarkeriaren kontrako adierazpena irakurtzen udaletxeko sarreran.