Merkataritza eta ostalaritza establezimenduek eragiten duten zaratari aurre egiteko neurriak hartzea eskatu dio
Erandioko Udalari PSE-EEk. Juan Otermin tokiko konstituziozaleen bozeramailearen hitzetan, "asko dira gugana hurbildu diren auzokideak, euren etxeetan sufritu behar izaten duten eraso akustikoaz kexuka. Establezimendu batzuk ez dituzte intsonorizazio neurriak edota Legeak finkatutako ordutegiak betetzen, zamalanetarako orduak ez dituztela betetzen ahaztu gabe noski". Hori dela eta, udaltzainak zarata neurtzeko tresna berriez hornitzeaz gain, gai horren inguruan aholkularitza zerbitzua emango lukeen alorreko enpresa bat kontratatzea eskatu du PSE-EEk. Baita "aspalditik udal agintarien ahoetan dabilen" obra ikuskatzailea "behingoz" hartzea ere. Izan ere, "zarata sortu zein sufritzen dutenek beharrezko informazioa eta ikuskaritza edukiko balute askotan egon diren tirabirak saihestuko lirateke", Oterminen ustez. Argazkian, Otermin, eskuinean, aurreko udal hauteskunde kanpainan, Leioan.