Getxoko Udalak emandako datuen arabera, 4.306 lagunek parte hartu dute amaitu berri diren Iparra Galdu Gabe Jardunaldietako ekintzetan. Besteak beste, 2.496 pertsonek bisitatu dute “Batek mila, euskal munduak” erakusketa multimedia, horien artean 9 ikastetxek eta euskaltegik, 204 umek eta gaztek eta 76 helduk. Bitartean, ikastetxeetatik jaso diren bisita gehienak etorkinek osatutako taldeenak izan direla azpimarratu dute antolatzaileek eta, beraz, “erakusketak zuen helburuetako bat bete egin da, hau da, gazteengana eta bereziki etorkinengana heltzea, azken horiek euskal kulturaren errealitate anitzaz jabetzea lortzeko”, Koldo Iturbe Euskara zinegotziaren hitzetan. Gainontzeko ekitaldiei dagokienez, eta eguraldiak lagundu ez badu ere, "orokorrean harrera ona" izan dute, bereziki Ken Zazpi eta Elaudi taldeen kontzertuak eta Ipar Euskal Herrian egindako mendi ibilaldia. Argazkian, “Batek mila, euskal munduak” erakusketa.