EHBE: "Ezer alda ez dadin kafe deskafeinatuari esne gaingabetua bota diote"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 13a, 17:27

Gaur prentsaren bitartez jakin izan dugu Tontxu Camposek zuzentzen duen Sailak Hizkuntza Ereduen Lege berria aurkeztekotan dela. Prentsaren bitartez jakin dugula diogu hezkunza eragileekin aurkezpena egingo zutela esan arren horietako gutxi batzuekin baino ez dutelako egin. Ez dugu, beraz, lege osoa ezagutzen, baina prentsaren bitartez irakurri eta entzundakoa nahikoa izan da prentsa ohar hau osatzeko. Urteak daramatzagu milaka herritarrekin batera eta hainbat eragilerekin elkarlanean eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzen. Aldarrikapen hau ez da berria, noski! Azkeneko hamarkada hauetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskaldundua izateko eskubidea lortua zegoela zirudien arren argi zegoen hau ez zela horrela. Eusko Jaurlaritzak berak dituen datuen arabera hiru ikasletik bat baino ez da euskalduntzen gaur egun Euskal Herrian. A ereduak ez du inor euskalduntzen, orain martxan dagoen legea ere betetzen ez dutelarik. B ereduak ere 3 ikasletik bakarra euskalduntzen du, nahiz eta eurek diotenaren arabera eredu elebidun honetarantz jo beharko genukeen. D ereduak ere, guztia ikasgai bakarra ezik euskaraz izanez, 3 ikasletik 2 baino ez ditu euskalduntzen. Hau da, euren ereduen legeak porrot egin zuen hasieratik eta 26 urte behar izan dituzte zerbait berria proposatzeko! Argazkian, azaroaren 4an, Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) Sabin Etxearen aurrean egindako elkarretaratzea.

Ikasturte honen hasieran Tontxu Camposek eginiko proposamenari hainbat kritika egiten genizkion. Kritika nagusia honakoa zen: nola da posible B ereduak euskalduntzen ez badu antzeko eredu bat unibertsalizatuz orain baino emaitza hobeak lortzea? Eta horri beste kritika batzuk egiten genizkion: maila minimo bat ez finkatzea (nahiz eta zeharka B2 maila aipatzen zen) edo legea betetzen ez zuten ikastetxe publikoekiko inongo neurririk ez hartzea. PNVk, gainera, PSErekin batera presioa egin zuen legea aurrera atera ez zedin, proiektu pilotoak eskatuz, adibidez.

Filtratu denaren arabera lege berriak PNVk eta PSEk egindako kritikak aintzat hartzen ditu eta jada deskafeinatua zen kafeari esne gaingabetua bota diote. Azter ditzagun jakin izan ditugun aldaketa nagusi horiek:

Baga: Lehen esaten ziguten hizkuntza maila zehatz batera heldu beharko zela. Hizkuntza maila hori ez zuten esplizituki aipatzen, baina hitzez deskribatzen zutena gaur egun Europan zehazturiko B2 maila litzateke. Berau betetzen zen edo ez maila ezberdinetan ebaluazioak egingo lirateke, beharrezko konponketak egiteko bidean. Erreferentzia hau ere ezabatu dute euren lege berritik. Ez da beharrezkoa euskararen inongo maila heltzea eta, beraz, ez da beharrezkoa inongo ebaluaziorik egitea! Harrigarria da proposamenean zegoen erdipurdiko hobekuntza zen bakarra ere kentzea.

Biga: Legeak bi neurri biltzen zituen berau betetzen ez zuten ikastetxeekiko. Kontzertatuak baziren kontzertua galtzeko aukera zegoen. Azken finean ikastetxeak hezkuntza lege bat beteko ez badu normala da sistematik at geratzea, ezta? Bigarren neurria hezkuntza publikoari zegokion. Gurasoek euren seme-alabak ikastetxe publiko batean euskalduntzen ez zirela uste bazuten ikastetxez alda zezaketen. Bigarren neurri hau sakon kritikatu genuen aurreko lege proposamena ezagutu genuenean: nola zen posible legeak ikastetxe publiko batek lege bat ez betetzea kontenplatzea? Ez al zegoen lege horiek betetzea titularraren esku, hau da, Eusko Jaurlaritzaren esku? Bada! Orain bi aukera hauek kendu dituzte. Hau da, ikastetxe kontzertatu batek oraindik ere nahi duena egin dezake, inongo arazorik gabe. Legea betetzen ez badute diru publikoa ematen jarraituko dute, oinarrizkoa den eskubidea (euskaldundua izateko eskubidea) bete ez arren! Eta ikastetxe publikoak ez badu betetzen, errua, noski, Eusko Jaurlaritzarena izaten jarraituko du, baina orain gurasoen ez dute protesta egin eta beste ikastetxe batera mugitzeko eskubidea ere! Laburbilduz, EAk eginiko lege proposamen berri hau ez badu inork betetzen ez da ezer ere ez gertatzen! Ezer ere ez!

Higa: Legea betetzeko 4 urte izango dituzte ikastetxeek. Epeen inguruan asko eztabaida daiteke, baina ez da oso normala ikastetxeei hain denbora handia ematea, batez ere ikastetxe publikoetan legea betetzea Hezkuntza Sailaren esku dagoenean bereziki. PNVk eskatzen zuenaren arabera 3 urtez proiektu pilotoak sartu beharko lirateke. EAren proposamenak 4 urte ematen ditu antzekoa den zerbait egiteko.

Laga: EA aurreko hauteskundetan PNVrekin aurkeztu zenean hezkuntzan euren lege izarra Hizkuntza Ereduen Lege berria egitea zen. Horrela jasotzen zen euren programan. Lau urte igaro dira ia-ia eta EAren esku egon den sailak hutsaren hurrengoa egin du ildo honetan. Orain, noski, kezkaturik daude eta abiada bizian ezer aldatzera ez datorren lege hau aurkeztu dute. Baina eurek ere badakite legea bera ez dela legealdi honetan onartuko. Hau da, espedientea bera betetzeko aurkeztu dute proposamena. Antza EAk bi legealdi gehiago Hezkuntza Saila kudeatzen jarraituko duela uste du. Bestela nola da posible legearen onarpena hurrengo legealdirako uztea eta 4 urte ematea (hau da, beste legealdi oso bat) berau betetzen den edo ez ikusteko?

Laburbilduz: Tontxu Camposek gaur aurkeztu duen legeak muzin egiten dio alde batetik herritarren gehiengoak eskatzen duenari (D ereduaren matrikulazioak gora eta gora egin du sortu zenetik) eta euskaldunduko duen eskola eskatzen zuten 107.768 sinadurak zaborretara bota ditu. Nahiago du PNV eta PSEk eginiko proposamen eskasetara hurbiltzea benetan euskaldunduko duen eskola eraikitzea baino. Nahiago dute Celaári kasu egitea milaka eta milaka guraso eta herritarrei baino.

Lege honek ez du ezer ere aldatzen: ez da beharrezkoa ikastetxeek legea betetzen duten edo ez neurtzea ez dagoelako zer neurtu ezta noiz neurtu ere. Dena aldatzen dute ezer ere alda ez dadin. Ikastetxe askotan 2 eredu mantentzen badituzte orain bakarra jartzerakoan masifikazioa etorriko da, baina inongo helbururik ez bazaio jartzen euskalduntzearen datuak baliteke txarragoak izatea.

Lege berri hau frakasora kondenatuta dago. Hilik jaio da. Izan ere inongo helbururik jartzen ez bada inork ez duelako ezer ere ez bete beharko.

Euskal Herriak Bere Eskolak, beraz, bi deialdi egin nahi ditu. Lehenengoa, argia eta ozena, euskaltzale orori egiten diogu, lege berri hau, iruzur berri hau, onar ez dezan. Euskal Herriak Bere Eskolak gaur bertan argitara eman du egoera konpontze bidean zein den bere alternatiba (http://www.euskaleskola.org). Bigarren deialdia zehatzagoa da, eta larunbata honetan eguerdiko 11:30tan Antiguako frontoian egingo den prentsa-agerraldi masibo eta herritarrean parte har dezan eskatu nahi dugu. Iruzurraren aurkako eta euskalduntzearen aldeko agerraldia izango da honakoa.

Iruzurrik ez!
Eskolak euskaldundu behar du!

2008ko azaroaren 13an
Euskal Herriak Bere Eskola
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun