Euskal Herriaren izenean ez bada, Iranen aurkako partidara ez direla agertuko iragarri dute futbolariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 13a, 18:48

Euskal Herriaren izenean jokatu beharrean, "Euskadi" izendapena jarri nahi diote abenduaren 23an, San Mamesen, Iranen aurka jokatuko duen selekzioari. Hori jakiteak Athletic (ia talde osoa), Real Sociedad, Eibar, Alaves, Angelu, Baiona edota kanpoan dabiltzan euskal futbolari ugarirengan ezinegona eragin du. Kataluniaren kontrako iazko norgehiagokan ez bezala, "Euskal Herriko Selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan herri gisara parte hartzeko aukera izatea lortzeko bidean atzera egitea" leporatu diote Euskadiko Futbol Federazioari (EFF). "Bazekiten, esan genielako, atzera egiteak aurten partidarik ez jokatzea ekar zezakeela. Guk, aurreko urtean beraiekin adostu genuen erabakia mantentzeko eskatzen diegu", horiek guztiek adierazi dutenez. Hartara, "iaz emandako hitza betetzen ez badute" partida jokatzera ez direla joango ohartarazi diete Federazioko arduradunei. Bide horretan, futbolean dabiltzan hainbat emakumeren eta jokalari ohi askoren babesa jaso dute. Guztira 165 lagunek sinatu dute adierazpena (pdf). Horien artean dira, besteak beste, Armando Ribeiro eta Jabi Casas Athletic-eko jokalari sopeloztarrak, Tzibi Juaristi Bilbokoen neska algortarra edota Endika Guarrotxena, Ritxi Mendiguren eta Nerea Onaindia jokalari ohiak. Argazkian, iazko Euskal Herria eta Kataluniaren arteko partida aurretik egindako manifestazioa / Nazio bat, selekzio bat.

"Euskadiko Futbol Federazioak ez ditu aintzat hartzen Nafarroa Garaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan dauden futbol taldeak", salatu dute sinatzaileek. Halere, ustez pausoak emateko borondateak bultzaturik, gaur gaurkoz nazio mailan aritzen den gizonezkoen selekzioa osatzerakoan zazpi euskal lurraldeetako futbolariak kontutan hartzen direla onartu dute euskal futbolariek. Euren hitzetan, "zentzu horretan ulertu behar da pasa den urtean eman genuen urratsa, hortik dator Euskal Herriko Selekzioaren izena eta izana". Aurten izandako bileran, ordea, "bi aukera posible" jarri zizkieten Federaziokoek mahai gainean: "aurten iazko aurrera pausoari muzin egin eta 'Euskadi' izenarekin jokatzea eta bestea, hori onartu ezean, aurten partidarik ez jokatzea". "Beren hitzetan, ez zeuden erabat ados bi aukeretako inorekin, baina ez omen dute beste irtenbiderik", azaldu dute. Garbi azaldu omen zieten bilera horretan zergatik eta nork aginduta aldatu behar zen “Euskal Herria” izena, baina ez dira horretan sartu nahi izan jokalariak, "atal honen zehaztapenak azaltzea Euskadiko Futbol Federazioari dagokiolako".

Aitzakia baino ez

Euskal Herri osoko federazioa osatzeko "borondaterik eza" izatea gutxi izango balitz bezala, "emaniko aurrera pausoetan atzera egin nahi izatea eta hitza ez betetzea" egotzi diote Euskadiko Futbol Federazioari 165 futbolari eta jokalari ohiek. Izenarekin izandako gora beherari "aitzakia" deritzote: "bihar osaketaren baitan (zazpi herrialdetako futbolariak kontutan hartzen ditu egungo selekzioak) ere atzera egin eta Euskal Autonomi Erkidegoko selekzio bat osatu nahiko dute agian; beste hainbat kiroletan gertatzen den bezala", kritikatu dutenez. Gauzak horrela, eurak atzera egiteko prest ez daudela adierazi eta, Euskal Herriarekin ez bada, partida jokatzera ez direla joango ohartarazi dute.

Argibide gehiago nahi izanez gero, www.naziobatselekziobat.org webgunean topa daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun