Presoak bisitatzeko laguntzak onartu dituzte Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 13a, 23:15

"Bizkaiko lurralde historikotik kanpoko espetxean zigorra betetzen zein badaezpada dauden pertsonak ikustera joateko, 2008an egindako baidaietarako dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak" izeneko arautegia onartu du gaur iluntzean Sopelako Udalbatzak. Agiriaren arabera, Bizkaitik kanpo dauden presoak aurten bisitatzera joan diren edo joango diren senide sopeloztarrek 75 eta 850 euro bitarteko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute bisita bakoitzeko (12 askoz jota), presoa zein espetxetan dagoenaren arabera. Aipatutako dirulaguntzak Justizia Sailak edota beste udal batzuek ematen dituenekin osagarriak dira, beti ere bidaien kostuak gainditzen ez dituzten bitartean eta askoz jota, 24.000 euro banatuko dituztela. Diru kopuru hori gaindituko balitz, adostutako laguntzak era proportzionalean murriztuko zaie eskubidea duten guztiei. Erabakia kontsentsu zabal batez onartu da, aldeko 14 botoekin (EAJ, zinegotzi independentistak, EB, EA eta Berdeak), PSE-EEren bi abstentzioekin eta PPren aurkako boto bakarrarekin.

Valentin Solagaistua PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, gaur adostutako diru laguntzen oinarriak "mota askotariko presoentzat" onuragarriak izango direla "aintzat hartu" du bere alderdiak, laguntzak preso politikoen zein sozialen senideei bideratuko baitzaie, eta horregatik testuari ez diote ezetza eman.

Bere aldetik, Guillermo Vio, Eusko Abertzale Ekintzako zerrendaburua izan zena eta Udalak bere taldea desegin zuenetik zinegotzi independentista gisa agertzen duena "pozik" agertu da lortutako laguntzekin eta Udalbatzan eta herrian horren inguruan eskuratutako adostasun maila azpimarratu du. Hautetsi independentistek "hainbat hilabeteetan egindako aurrelanaren eta negoziazio luzeen emaitza" gisa aurkeztu du gaurko erabakia.

Gehienez jotako laguntzak

2008an zehar preso senideren bat bistatu duten edo bisitatuko duten sopeloztarrek eskatu ahal izango dituzten laguntzak ezberdinak izango dira gatibua zein espetxetan dagoenaren arabera. Horrela sei kategoria ezberdinetan sailkatu dituzte espetxeak:

- 1. modulua: Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Kantabria. Kategoria honetan, gehienez jota 75 euroko laguntza emango dute.
- 2. modulua: Aragoi, Asturias, Errioxa, Madril eta Gaztela-Leongo autonomietan, gehienez jota 225 euro.
- 3. modulua: Katalunia, Valentzia, Murtzia, Galizia eta Gaztela-Mantxako autonomietan, gehienez jota 350 euro.
- 4. modulua: Extremaduran, gehienez jota 400 euro.
- 5. modulua: Andaluzian, gehienez jota 475 euro.
- 6. modulua: Kanariar eta Balear irletan, Ceuta eta Melilla hirietan eta Espainiako Estatutik kanpoko lekuetan, gehienez jota 850 euro.

Zelan eskuratu laguntzak

Eskaerak aurkezteko, baina, senideek itxaron beharko dute, arautegiak hiru hilabeteko epea ezartzen badu ere, epe hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte ez baita hasiko. Orduan, Udaleko Erregistro Orokorrera joko behar izango dute, bertan honako agiri guztiak emateko: Espainiako identifikazio agiria, presoarekiko ahaidetasuna frogatzen duen agiria, presoaren eta kartzelaren inguruko datuak, bisitetarako jasotzen dituen bestelako laguntzak edo kontrakoaren zinpeko adierazpena, bisitak egin direneko frogagiriak eta Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin zorrik ez dueneko agiriak.

Diru laguntza eskerak kudeatuko dituen udal saila Gizarte Zerbitzuetako Arloa izango da eta erabakia alkateak hartuko du, Udal Gobernu Batzarrak proposatutako entzun ostean. Horretarako, eskariak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epea izango du Imanol Garaik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun