Gaur da azken eguna talentu berrien lehiaketan izena emateko Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 14a, 09:40

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen dituen Euskara Jardunaldiek aurten berrikuntza bat dakarte: talentu berriak topatzeko Izarren Distira izeneko casting-a eta gala, hain zuzen. Ekitaldiak azaroaren 21ean hasiko badira ere, gaur amaituko da aipatu probetarako izena emateko epea. Talentu ikuskizun horretan, aldez aurretik, taldeka landutako 2 eta 10 minutu arteko mota guztietako ikuskizunak aurkeztu beharko dituzte 12 eta 18 urte bitarteko gazte getxoztarrek, eta epaimahai batek aukeratuko ditu azken saiorako sailkatuko direnak. Ikuskizun guztiak euskaraz izan beharko dute eta, finalean, Izarren Distira galan, gazteen munduari lotutako pertsona ezagunek osatutako beste epaimahai batek ikuskizunik egokiena aukeratu eta sarituko du. Argazkian, Koldo Iturbe Euskara zinegotzia eta Imanol Landa alkatea Folk Jardunaldietan izandako Euskarashowa aurkezten.

Irabazleek ikas-bidaiarako mila euroko dirulaguntza edo 6 pertsonentzako abentura asteburu baten artean aukeratu ahal izango dute. Bigarrenek abenduan izango den Euskal Selekzioaren partida ikusteko 6 jarrera jasoko dituzte. Izaren Distira casting-a azaroaren 28an egingo dute, 17:00etan, Algortako kultur etxean, Villamonten. Gala, berriz, abenduaren 5ean izango da, 19:30ean hasita, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, Nerea Alias ETB1eko aurkezleak gidatuta eta, besteak beste, Lain bikoteak parte hartuko du. Epaimahaikideen artean Xabi Paya bertsolari algortarra egongo da.

III. SMS eta bideo lehiaketa

Bestalde, azaroaren 10etik 30era bitartean zabalik egongo da III SMS eta bideo lehiaketan parte hartzeko epea, oraingoan “Baduzu ametsik?” gaia hartuz. Egizu Getxo Euskaldun! eta Bizarra Lepoan euskara elkarteek antolatuta, pertsona bakoitzak nahi beste lan bidali ahal izango ditu, euskaraz. Mezua sms bateko tamaina eduki beharko du eta bideoa gehienez ere minutu bateko iraupena. Lanak, esan bezala, hilaren 10etik 30era bitartean aurkeztu beharko dira: SMSak, 688 687 825 telefono zenbakira bidaliz; eta bideo lanak Euskaltubera igo eta linka bizarralepoan[abildua]euskalnet.net e-posta helbidera bidaliz. Sariak argazki kamera, ordenagailu eramangarria, mp4a eta eskuko telefonoak izango dira. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 5ean izango da, Izarren Distira galan. Irabazleen izenak Bizarra Lepoanen blogean egongo dira ikusgai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun