Eztabaida gune antiautoritarioak ere bere lekua izango du biharko Indabada Mundialean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 14a, 10:57

Larunbat honetan, azaroak 15, IX. Indabada Mundiala dela eta, liburuak, fanzineak, aldizkariak, diskoak eta beste hainbat produktu begiratu eta erosteko aukera emango dute Eztabaida gune antiautoritarioko kideek, Algortako Txiki eta Otaegi plazan horretarako espresuki jarritako postutxoan. Euskal Herria kaleko 17. zenbakian daukaten lokala urriaren 8an inauguratu zuten gazteek, bertan kontrainformazio materialen banaketa, hitzaldiak, debateak, proiekzioak... bezalako ekintzak garatzeko asmoz. Bitartean, dena prest dago babajana herrikoirako eta, eskuartean datu zehatzik eduki ez arren, berriro ere arrakastatsua izango dela ematen du, txartelak zeinen azkar saldu dituzten ikusita. Dagoeneko kendu egin dituzte salgai zeuden lekuetatik, zenbatentzako indabat egin beharko dituzten jakin ahal izateko. Bestalde, egunean bertan zuzeneko saioa emitituko du Koska irratiak. Argazkian, Eztabaida gune antiautoritarioa.

Horrenbestez, Indabada Mundiala eguerdiko ordu batetan abiatuko dute, sagardo txotxa, ekitaldia eta aurreskuarekin, gero bazkari herrikoiarekin jarraitzeko. Ondoren, zozketak, kantak eta bestelako jarduerak izango dira, bazkalostea animatzeko. Plaza ganoraz bildu eta atondu ostean, txikiteoaren ordua helduko da, Elektrotxarangak alaituta, eta baita herriz aldatzeko tenorea ere, jaialdiak Getxoko Txorimalo gaztetxean jarraituko baitu, urteroko gaupasa dela medio.

Zuzeneko saioa

Indabada egunean, irratsaio berezia eskainiko du Uribe Kosta eskualdeko Koska irratiak. Komunikabide horren eta Getxoko Txorimalo gaztetxearen arteko elkarlanari esker, 11:30ean hasiko da saioa. "Horrela goiz guztian zehar dagoen giroa transmitituko dugu Uribe Kostako uhinetan zehar. Elkarrizketa ezberdinak, zozketak... egingo ditugu zuzenean, jendeak partu har dezan. Telefonoa nola ez, irekita egongo da jendearen iradokizunetara", adierazi dute antolatzaileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun