Kontseilua: "Denok batera, pauso bat harago"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 14a, 14:06

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak datorren abenduaren 13an, 18:00etatik aurrera, Barakaldoko BECen ospatuko duen ekitaldiaren nondik norakoak aurreratu ditu jada. Zuzendaritza osoa elkartu zen ekitaldia gauzatuko den Bizkaia Arena aretoan bertan, 10. urteurrena milaka lagunekin batera ospatzeko ekitaldia garatuko den toki berberean, hain zuzen ere. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak indarrez hasi zuen bere ibilbidea "Bai euskarari" kanpaina jendetsuarekin. Euskaltzaleok 1998. urteko abenduko egun hotz baina itxaropentsu batean, "Euskaraz bai"-rekin bat egin genuen Euskal Herriko 5 kirol estadioetan batera egindako ekitaldian. Are gehiago, 20 urte lehenago ere erabilitako 'Bai euskarari' leloa gurea egin genuen, denona. Argazkian, zuzendaritza Bizkaia Arenan.

Hamar urte igaro dira ordutik. Hamaika arlotan lan egin du ordutik euskalgintzak euskararen normalizazioa lortzeko, hau da, euskaraz naturaltasunez bizitzeko. Hamaika ahalegin egin arren, oraindik lortutakoa ez da nahikoa, euskarak gaur egun ez baitu etorkizuna ziurtaturik. Haatik, euskararen normalizazioa posible dela argi daukagu. Euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea da klabea. Euskaraz naturaltasunez bizitzea lortzea posiblea delako, baina horretarako euskararen ezagutza areagotu behar dugulako, Kontseiluak 10 urte bete ondoren "Bai euskarari'"leloa pauso bat harago eraman du. "Euskaraz bai" esateko eta egiteko garaia da.

Kontseilua osatzen duten 46 bazkideetako zenbait ordezkarik azalduko dute zer esan nahi duen "Euskaraz bai" mezuak hamar arrazoiren bidez:

Mikel Arrizabalaga (Elkar)

"Euskaraz bai'" mezuaren bidez, euskal gizartearen euskararen aldeko jarrera erakutsi nahi dugu. Lelo honek euskararen aldeko jarrera argia erakusten du, konpromiso sendoa, eta euskaraz bizi eta euskara normalizatzen joateko urratsak egiteko prest gaudela.

Joanmari Larrarte (Berria)

Hamar urteren ondoren, bide berari jarraiki, alde egotea bera ere adieraz dezakeen leloa zehaztu eta konpromisoaren bidera lotuko dugu "Euskaraz bai" esanez. Alde egotea ez da nahikoa eta bakoitzak bere konpromisoak hartu behar ditu.

Igone Lamarain (EHE)

Esan bezala, hasierako mezuaren garapenean, Kontseiluaren mezua konpromisoarekin indartu da. Euskararen alde egotea ez da nahikoa eta, horrekin batera, euskararen aldeko konpromisoa behar da, izan norbanakoena, izan soziala edo izan politikoa. Konpromisoa eskatu zaio norbanakoari euskaraz bizitzeko hautua egin dezan (ikasi, erabili, kontsumitu, exijitu... egin ditzan); konpromisoa eskatu zaie eragile sozialei, euskaldundu eta euskaraz funtzionatzeko hautua egin dezaten (Bai Euskarari Ziurtagiria...); eta konpromiso politiko-instituzionala eskatu da hizkuntza-politika egokitu, plan zehatzak egin eta behar diren baliabideak jar daitezen.

Julen Etxeberria (Sortzen-Ikasbatuaz)

Aurreratutakoa kontuan izan eta normalizaziora iristeko bidea falta dela gogoan hartuta, oinarrizko ildo hauek jarraituko ditugu Kontseiluan etorkizunera begira: lehendabizi, euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea ezinbestekoa da. Hau da, egun Euskal Herrian euskara ez dakitenek ikastea, eta, bere erabilera esparru eta eremu berrietan handitzea, ahalik eta eperik laburrenean. Ezagutza eta erabilera zabaltzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu.

Agurtzane Loidi (Elhuyar Aholkularitza)

Etorkizunari begira, funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea ezinbestekoa da, horrela lor baitaiteke euskararen normalizazioan benetako urratsak egitea.

Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea)

Era berean, euskara lehentasuneko hizkuntza izatea lortu behar dugu, erdara (gaztelania zein frantsesa) bezala, horrela ziurta baitaiteke euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza-eskubideak bermatuta izatea.

Sebastien Castet (Euskal Konfederazioa)

Hori guztia egiteko, lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira, biak ere norabide berean. Erakunde instituzionalek, eragile politikoek, ekonomikoek eta sozialek, norbanakoek eta euskalgintzak norabide berean lan egitea ezinbestekoa da, guztion arteko lankidetzak ziurta baitezake euskararen geroa eta Euskal Herri euskalduna.

Oskar Elizburu (AEK)

Denok euskara ikasten badugu hizkuntzagatik inor baztertuko ez den egoera batera iritsiko gara, bizikidetza hobetuko dugu; horregatik diogu "Euskaraz bai".

Koldo Tellitu (Kontseiluaren eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren presidentea)

"Euskaraz bai" esateko garaia da, hiru hizkuntza dituen komunitate batean, norbanako guztien eskubideak ziurtatu eta errespetatzeko eta inor ez baztertzeko, ezinbestekoa da komunitate horretako biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea, eta horrela bakarrik saihets dezakegu hizkuntzen arteko borroka. Horregatik, "Euskaraz bai" jarrera euskal herritar ororengana zabaldu behar dugu, bakoitzaren konpromisotik abiatuta, guztiok euskara ere ezagutuz, urrats handi bat egingo dugulako bizikidetzan.

Xabier Mendiguren (Kontseiluko idazkari nagusia)

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen dugun eragileok euskararen eremu osoan euskaraz normaltasunez bizitzeko ari gara lanean. Etorkizunerako, euskalgintzan ari garen erakunde eta lagunok lanerako ilusioa eta grina dugula berretsi nahi dugu. Ahalegin horretan batera jarduteko gonbita luzatzen diegu jendarte-eragileei, erakundeei, eta gizarteari oro har.

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun