Hasieratik aipatu izan dugun bezala, proposamen honek abiapuntua du okerra. EHEk argi du eskolaren euskalduntzearen edozein proposamen egungo markoetan oinarritua dagoen bitartean, proposamen hori hankamotza dela, neurri horiek beti izango baitira euskaldunon komunitatearen eremu bati bideratutakoak.
1982an onartu zen gaur egun eskoletan ematen diren ereduen legea; 26 urte pasa dira eta eurek ere lege horrek suposatu duen kalte eta porrota onartzen dute. Bada, proposamen berriarekin bide beretik doaz. Euskarazko irakasgaien %60 euskaraz izateak, gaur egun indarrean dagoen B ereduaren oso antzekoa da; gogoratu behar dugu Aztiker-ek 2004an eginiko azterketan eredu horretan ikasitako hiru ikasletik bik eskolaldia euskaldundu barik amaitzen zutela. Bada, argi dago zein ondorio ekarriko dituen neurri horrek: etorkizunean eskolatik aterako diren ikasle guztiek euskara behar bezala ez ezagutzea.
Egoera benetan larria da. 26 urtez eskolak euskalduntzeko gabezi nabarmen batekin aurkitu izan bagara, egoera hori betikotzekotan dira Lakuatik bideratzen dituzten proposamenekin. Euskalduntzeko balio ez dituen neurri hauek onartuz gero eta aurrera eramanez gero, kasurik onenean 2025 arte ez dira guztiz ezarriak izango eskoletan. Baina era berean, orain arteko araudiekin ere, ikasleen euskalduntzea ez da bermatzen eta ez da bermatuko.
Hortaz, gaiari behar bezala heldu eta eskolak, eta beraz ikasleak, euskaldunduko dituen benetako proposamen bat gauzatzeko dei egin nahi du EHEk. Nahikoa da iruzur berriez eta erdipurdiko proposamenez. Euskal Herriak eta eskolak behar dutena eredu berri bat da, eta euskalduna. Euskararen etorkizuna bermatzeko, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ezinbestekoa izango herritar guztiek euskara ezagutzea eta bide horretan, guztiz beharrezkoa da belaunaldi berrien euskalduntzea helburu izango duen politika berri bat gauzatzea. Ereduen nahas-masak eta ehunekoen banaketak ez du euskara kinka larritik aterako; okerrago, galera prozesua areagotu egingo du.
Egoera betikotzera edota okerrera eramatera eramango dituen bideak saihestu behar ditugu. Eskolak euskaldundu behar dute, eta orain.
2008ko azaroaren 14an
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)