HNT: "Euskal Herriko selekzioaren alde, jokalariekin bat"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 14a, 18:34

Selekzio propioa izan behar dugula eta selekzio horrek nazioartean “Euskal Herria”ren izendapenean jokatzeko aukera izan beharko lukeela betidanik izan du argi Herri Norte Taldeak. Izan ere, izendapen horrek herri honen sentimendu nagusiaren eta, era berean, herri hau osatzen duten 7 herrialdeen adierazlea da. Horregatik, H.N.T.-ren printzipio ideologikoetan Euskal Herriko selekzioak paper garrantzitsua jokatzen du. Orain dela urte batzuk jada, selekzioaren partida ohitura bilakatua zela, ekimen horrek jauzia, ofizialtasunerako bide zuzen eta irmoa, behar zuela ikusi genuen. Soilik horrela, ordura arteko Gabonetako ohiko ekitaldi folklorikoa izateari utziko lioke, dagoeneko dirua biltzeko asmoa baino ez baitzuen eta noraezean zegoen jaialdia baitzen. Okerrena, gainera, azken helbururantz hurbiltzeko inolako asmorik ez izatea zen. Argazkian, Esaitek pasa den uztailaren 19an Areetan deitu zuen "Euskal Herria. Nazio bat selekzio bat" elkarretaratzean ere parte hartu zuten HNTko kideek.

Lurralde katalanetara selekzioak egin zuen azken bidaiaren ostean, Euskal Herria benetako izena hartzeraino eman ziren urratsak ikusita, ekitaldi horiek lehen ez zuten seriotasuna eskuratzen ari zirela iritzi genion. Hori dela eta, Euskal Herriko selekzioa ulertzeko era berri horri babes guztia ematea deliberatu genuen.

Zoritxarrez, gune politiko zehatz batzuk, eta batez ere sektore espainolistena (Euzko Alderdi jeltzalea), Euskal Herria izendapen berriarekin ados ez daudela baieztatu ahal izan dugu berriki. Sektore horiek Josu Jon Imaz egungo Petronorreko kontseilari mandatari txit agurgarriak zuzentzen zituen lehen, orain bere morroiak diren Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Euzkadi Buru Batzarreko Urkulluk egiten dutela. Eta aurka daude Espainian eroso sentitzen den alderdi autonomista besterik ez direlako.

Herri Norte Taldea eragile abertzale, ezkertiarra, antifaxista eta arrazakeriaren aurkakoa den heinean, hainbat euskal jokalariek egin duten ekimenaren alde agertu nahi du. Ekimena, gogoratu dezagun, Athletic Club de Bilbao, Real Sociedad, S.D.Eibar eta Deportivo Alaves kluben gizonezko lehenengo taldeen jokalariek, Athletic Club de Bilbao, Real Sociedad eta Lagunak kluben emakumezko lehenengo taldeen jokalariek, Euskal Herritik kanpoko taldeetan (Hercules, Mallorca...) jokatzen duten futbolariek, Ipar Euskal Herriko jokalariek eta, zelan ez, talde guzti horien jokalari ohiek gauzatu dute.

Bide hau ofizialtasunerako bidezidorrik gabeko bide zuzena dela uste dugu eta izatea ere nahi dugu. Hau apustu ausarta da, ametsa izaten utzi eta laster errealitatea bihurtzea espero dugunaren bidean aurrera egiteko: azkenean, nazioarte mailan gure selekzioarekin lehiatu ahal izatea, Euskal Herriko selekzioarekin, gurea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun