Gizarte larrialdietarako laguntzak "benetan behar dituztenei" ematen zaizkie Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 14a, 18:39

Getxo udalerrian 2007an banatu ziren gizarte larrialdietarako laguntzen %96,3 "era egokian eta zuzen" izan ziren justifikatuak, Getxoko Udalak agindutako azterlanak adierazitakoaren arabera. Guztira 881 eskaera bideratu ziren, "udalerrian dauden 27.019 familien %3,26" suposatzen dute horiek, udal iturriek zehaztu dutenez. Gizarte larrialdietarako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak izan arren, horiek kudeatzeaz udalak arduratzen dira. Getxon, tokiko erakundeak bataz beste 1.934 euro eman zituen eskaera bakoitzeko eta, horietatik guztietatik, soilik espedienteen %3,7k, 39k hain zuzen ere, daukate zer edo zer bat justifikatu gabe. “Frogatu ez diren laguntzen kopurua ez da oso handia. Emandako 1.703.586 eurotatik %2a baino ez da justifikatu barik geratu. Ildo horretan, uste dugu baliabide horien gestioa era egokian egiten ari dela Udala. Herri baliabideak ahalik eta era eraginkorrenean gestionatzeko erantzukizuna dugulako, baliabide horiek benetan behar dituzten pertsonengana hel daitezen eta lagun horiek laguntzetarako ezarritako eskakizunak betetzen dituztela bermatzeko”, azaldu du azterketaren aurkezpenean Imanol Landa alkateak. Argazkian, Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, zutik, atzo ehun urte bete berri dituen Pilar Bustillori egindako omenaldian.

2007an Getxoko Udalak 406.125 euro ipini behar izan zituen, Eusko Jaurlaritzak emandakoari gehituz, udalerrian izan ziren gizarte larrialdietarako laguntzen eskaerei aurre egin ahal izateko. 2008an, berriz, 450.000 euro bideratu ditu horretarako tokiko erakundeak. “Getxoko Udalak behar handienak dituzten pertsonei laguntzeko konpromisoa betetzen segituko du, bizi garen garai ekonomiko zailaz jabetuta”, alkateak azaldu duenez. Diru laguntzen helburu nagusia gizarte bazterketa saihestea da eta, horregatik, dirua emateaz gain Gizarte Zerbitzuek auzokide horiekin lan egiten dute euren birgizarteratzea lortzeko. Udal langileek diru laguntzen eskaerak tramitatzeaz gain, harrera eta orientazio lana ere egiten dute, eskatzaileak egokiagoak izan daitezkeen zerbitzuetara bideratuz (adibidez, Behargintzara).

Azterketaren emaitzak

Getxoko Udala gestioa hobetzeko aurrera eramaten ari den ekintzen artean kokatzen da burututako azterketa, kalitate prozesuarn barruan alegia. Enpresa espezializatu batek egin du ikerketa lana, gizarte larrialdietarako laguntzak jaso dituzten herritarren ezaugarriei eta horien justifikazioari buruzko diagnostikoa zehaztuz. “Euskal Autonomi Erkidegoan banatzen diren beste laguntza batzuekin gertatzen den bezala, Getxon laguntza hauek jasotzen dituzten herritarrak emakumezkoak izaten dira gehienbat (eskatzaileen hiru heren), bakarrik bizi dira eta 30 eta 49 urte artean dituzte. Mota honetako laguntzak eskatzeko arrazoi nagusietako bat izaten da etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirua behar izatea”, zehaztu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Bestalde, konponketak egiteko, lehen mailako beharrizanetarako edo altzairuak erosteko gastuei aurre egiteko laguntzak ematen ditu Udalak. Oinarrizko Errenta ere jasotzen duten lagunak ere badaude gizarte larrialdietarako laguntzen eskatzaileen artean. Gehienek aurreko urtean ere egin zuten eskaera. Espedienteen erdian baino gehiagotan diru laguntzak bi kontzeptuengatik eman dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun