Avanzadaren Estaltzearen aldeko Plataformak 2.000 sinadura inguruk babestutako idatzia aurkeztu zuen irailaren 25ean Leioako udaletxean. Eneko Arruebarrena alkateak emandako erantzuna, ordea, ez zaie "nahikoa" iruditu auzotarrei eta egunotan eskuorriak banatzen ibili dira kalean. Euren hitzetan, errepide horretarako "ez dago proiekturik, ez esleitutako aurrekonturik, ezta soluzio zehatzik ere". "Ordezkari instituzionalek komunikabideetan adierazpenak egin badituzte ere, badirudi Leioako bizilagunok Avanzada eta bere ondorio ezkorrak (kutsadura akustiko ikaragarria, herriaren haustura…) luze pairatuko ditugula", tamaldu dutenez. Hori dela eta, "Udalak 1999an adostutakoa oinarri moduan hartuta, gure herriaren egungo egoerara egokitutako Avanzada estaltzeko proiektuarekin zerikusia duten eta bere ardura diren aldeak (aurrekontua, proiektua…) zehatz ditzala", eskatu diote Arruebarrenari. Baita Bizkaiko Foru Aldundiaren arduren "jarraipen aktiboa" egin dezala ere. Azkenik, Avanzadaren estaltzea gauzatzeko Udalak foru erakundearekin egindako gestioen egungo egoeraren eta proiektuaren etorkizuneko faseen "berri zehatza" ematea eskatu diote. Argazkian, errepide gaineko igarobidea.