Ikasle Egun Txikian bildu da gaur goizean Leioa eta Erandioko campuseko ikasle ugari, "greba deialdien gainetik, unibertsitatean egiten ari diren obra guztien gainetik eta aldarrikapenez beteriko festarako asmoarekin",
Ikasle Abertzaleek (IA) adierazi dutenez. Euskal ikasleen antolakundearen 20. urteurrena ospatzeko, 11:00etan eman diete hasiera ekitaldiei, azoka txiki eta hamaiketako batekin. Aurten ateratako kamisetak salgai izan dituzte, azaroaren 22an Erandion egingo den
Ikasle Eguneko sarrerekin batera, "Borrokak Heziak Iraultza Haziak" abestiak giroa alaitzen zuen bitartean. Urteurrenerako egindako bideoa ikusi ondoren, triki-bertso-kalejira bat egin dute fakultate ezberdinetan zehar, unibertsitatea festa giroan murgiltzeko. Eta aldarrikapenerako tartea ere izan da: dekanotzatan etenaldiak egin eta salaketak bertsotan bota dizkiete. Besteak beste, "Medikuntzako euskarazko eskaintzaren murrizketa erdarazkoaren zabaltzearen aurrean, Bologna Prozesua edota Zientzietako Fakultatean kamaren presentzia izugarria", salatu dituzte. "Honela, argi utzi nahi izan dugu, saltzen diguten EHU ez dela marrazten duten bezain euskaldun eta demokratikoa", IAk azaldu duenez. Argazkian, kontzertua ere izan da Ikasle Egun Txikian /
Gaztesarea.