Arrueren ustez, PSE-EEk "pasatzen utziko dituen aurrekontuak txarrak dira eta horrela usten zuen Almansak berak orain dela egun batzuetara arte". Izan ere, PPk ez du uste EAJk aurkeztuko dituen aurrekontuak krisialdi garaiari erantzuteko egokiak izango direnik.
Aurrekontuetatik egun ezagutzen dituen datu apurrez aritu dira popularrak. Sarrera atalean, tasak eta zergak "Euskadi osoko altuenak" direla eta Udala "auzokideei odola atera arte" ari delako kexu agertu dira. Popularren ustez, krisialdi garaian zergak eta tasak jaitsi egin behar dira, hiritarrek dirua izan eta gastatu ahal izan dezaten, ekonomia sustatze aldera. Puntu horretan, gainera, gogoan izan dute hori Almansak ere salatzen zuela orain dela denbora gutxi eta ez ohiko Udalbatzan PSE-EE eta PPk batera lortu zutela tasak jaitsi behar zirela onartzea eta Udalbatzaren mozioa ez garatzeagatik Almansak epaitegietara jo zuela Imanol Landa alkatearen eta beren tasen aurka.
Orain berriz, "Almansa jaunak epaitegietara eraman dituen tasak onartzea auzokideek ulertuko ez dutela" dio PPk. Gainera, itsu-itsuan aurrekontuei baietza ematea leporatu dio PSE-EEri, orain arte hainbat atalen aurka agertu denean. Besteak beste, presoen senideentzako dirulaguntzak eta Udalbiltza aipatu du Arruek, nahiz eta Getxoko Udalak Udalbiltzaren ordez dirua Udalbideri ematen ohi dion. Dena dela, ez dituzte begiko diru partida horiek eta Almansak ere horiek behin eta berriro salatu dituela eta orain onartzea ahalbidetuko duela esan du Arruek.
Ezker Batuaren gaitasunean ez du sinesten PPk
Baina, Getxo udalerriaz ezezik Ajuria Eneaz ere mintzatu dira popularrak: "PSOE EAJren alternatiba sekulan ez dela izango dugu Getxo adibiderik argiena".
Azkenik, Luis Almansaren taldea abstenituko balitz, Udal Gobernuaren aurrekontuak bertan behera uzteko Ezker Batuak izango lukeen giltzan ez dute sinesten alderdi konstituzionalistakoek. Eduardo Andrade zinegotziak labur baina sakon, oso sakon, mintzatu da: "ez dut uste Ezker Batuak osoko zuzenketa aurkezteko gai izango denik eta are gutxiago aurrekontuen aurka bozkatzeko".
Azkenik, esandako guztiak esanda Getxoko PPk azaldu bere harremanak PSE-EErekin "bere horretan" jarraitzen dutela: "orain arte proiektu komunetan lan egiten ibili gara, auzokideentzat onak zirela ikusten genuelako eta berriro ere bidean aurkitzen bagara batera lan egiteko prest gaude, auzokideen onerako bada. Gu ez gara mugitu, gauza berberak defendatzen jarraitzen dugu".