Tonky Parisen eta Madrilen bizi izan zen 90eko hamarkadan, txandaka, eta erdialdera Frantziako nazioarteko jaialdi handietan parte hartu zuen, esate baterako, Lisieux eta Saint Chamoudeko jaialdietan. Parisko Front Page klub ezagunean bertako musikari bihurtu zen, emanaldi asko eskaini zituen, tartean jam session direlako asko eta, besteak beste, Luther Allisonekin eta bere seme Bernard Allisonekin partekatu zuen oholtza behin baino gehiagotan. 2001 eta 2005 urte bitartean, Buddy Milesen talde pertsonala izan zen Tonky Blues Band; 1969-1970 urteetan Buddy Miles abeslari eta bateria jotzaile handia Jimmy Hendrixen taldekidea izan zen Band of Gypsies taldean, eta gero, 80 urteetan Carlos Santanaren taldeko abeslaria izan zen.
Buddy Milesek oso bide garrantzitsua egin du Ameriketako musikagintzan, eta nola grabazioetan hala zuzenekoetan Mike Bloomfield, Muddy Waters, John McLaughlin eta gisako beste artista handiak izan ditu lagun. Buddyren eta Tonky Blues Band taldearen arteko elkarlanetik grabazio asko sortu dira, horien artean “The Blues Side of Buddy Miles” diskoa. Hainbat urtetan Tonkyk jatorria Texasen duen Paul Orta abeslari eta aho-soinujole handiarekin jardun du, eta Europan ibili ostean AEBetara joan zen 2006an Austingo (Texas) blues zirkuituan barrena jotzera. Hiri hartan “6th Street” kale ezaguneko hainbat klubetan jo zuen, esate baterako, Friends eta Nunos klubetan, baita Houstongo Big Easy klubean ere. Bertan ezagutu zuen Uncle John Turner bateria jotzaile handia, 60. urteetan Johnny Winterren taldeko kide izandakoa. Uncle John Turnerrek Paul Ortarekin egin zuen bira osoa eta Tonky gonbidatu zuen Hurricane Blues diskoaren grabazioan parte hartzera; disko hau Katrina urakanak eragindakoan oinarritua da eta 2006an kaleratu zuten.
Europako talde handienen artean
Gaur egun, Tonky Blues Band Europako blues talde handienen artean dago, jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzen du, baina ez ditu albora uzten lehen urratsak egiteko parada eskaini zioten klubak, horietan garatzen baitu genero honek berezko duen inprobisazioa. Bestalde, slide gitarraren espezialista handitzat hartua da. Hamarraldi bitan zehar blues eskola garrantzitsua izan da, eta musikari handien hazitegia ere izan da; horien artean aipagarri dira Ñaco Goñi aho-soinu jotzailea, taldearen aurreneko garaietako kidea, Francisco Simon gitarra jotzaile bikaina eta gerora taldeko kide izan zirenak, Marcos Coll aho-soinujolea eta Adrian Costa gitarra jotzailea, biak ala biak egun Los Reyes del KO taldeko kide direnak, Luca Frasca organo jotzailea eta Paul Larnaudie baxu jotzailea. Tonky de la Peñak ez dio lan egiteari utzi, hainbat proiektu ditu esku artean, eta aldiro-aldiro jaialditan parte hartzen du Raimundo Amadorrekin batean, Cambaya Blues Reunion delakoan, zeinetan Mingo Balaguer aho-soinujole sevillar handiak eta Francisco Simon gitarra jotzaileak parte hartzen duten. Gainera, birak egiten ditu Espainian eta Frantzian Nico Wayne Toussaint abeslari eta aho-soinujole bikaina eta Charles Pasi talentu handiko gaztea lagun dituela. Bestalde, astelehenero Jam Session bat zuzentzen du Valentziako Black Note klub ezagunean.