Eskolak euskalduntzeko duen beharraz ohartarazi du EEHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 16a, 12:34

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak (EEHE) agerraldi masiboa eraman zuen burura larunbat eguerdian, eskolek euskalduntzeko duten beharraz ohartarazteko. Donostiako Antigua auzoko frontoian irakurri zuten agirian azpimarratu zutenez, "eskolak euskalduntzea nahia eta beharra" izateaz gain, "Euskal Herria euskalduntzeko mugarria" ere bada. Alta, "lurralde zatiketak eta administrazio ezberdinen jokamoldeak arlo honetan eragin dituen hankasartzeak eta horiek ekiditeko alternatiba" aurkeztu zituzten jendaurrean Eskolak Euskaldundukoek. Hurrengo lerroetan duzuen agiriari ehundik gora lagunek (pdf) eman diote babesa eta agerraldian bertan, mugimendu ezberdinetako 60 bat kidek hartu zuten parte. Argazkian, EEHEko kideak urriaren 1ean burutu agerraldian.

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenaren oharra:

Eskolak euskalduntzearen aldeko agiria

Eskolak euskalduntzea eskubidea, nahia eta beharra da, Euskal Herria euskalduntzeko gainditu beharreko mugarria. Dena den, eskubide honen zapalketa Euskal Herri osoan bizi dugu lurralde administratibo bakoitzean modu ezberdinetan gauzatzen baldin bada ere.

Nafarroa. Eskolak 5 ikasletik 1 euskalduntzen du soilik. Alta “D” ereduaren matrikulazioak gora egiten jarraitzen duela ikusirik, Nafarroako gobernua erasoaldi berri eta sutsuan ari da, euskara bigarren mailako hizkuntza izatetik, hirugarren mailako hizkuntza izatera igarotzeko politikak sustatuz. Gobernuaren helburua gaztelera eta ingelera derrigorrezko hizkuntza bilakatzea da, euskara hautazko gisa utziz ( hegoaldean hori ere ez). Politika hauek haur eskoletatik unibertsitateraino ikus ditzakegu: Hello Haur Eskolak; British eredua; TIL eredua; edo Bologna legean oinarritutako unibertsitateak honen lekuko.

Nafarroako Gobernuari aski dela esan nahi diogu, Euskara horren egoera larrian utzi duen Vascuencearen legea bertan behera utzi beharra dago, erasoak eten eta euskalduntzea bermatzeko politikei ekiteko garaia da.

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa. Euskara hil zorian dago hiru herrialde hauetan, guraso-seme/alaba transmisioa etenda eta eskolak ikasleen %5 euskalduntzen duela. Frantziar Estatuaren hizkuntza politikaren helburuak betetzen ari dira euskara hiltzen ari delarik. Frantziako Gobernuari Euskararen Erakunde Publikoaren bidez egitena ari den marketin politika errotik aldatzeko eta Euskararen Ofizialtasuna aitortzeko eskatzen diogu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. 26 urtetan indarrean egon den hizkuntza ereduen porrotaren ondoren, bidegurutzean gaude, eskolak EAEko ikasle guztiak euskalduntzea edo beste hamarkada batzutan egoerak bere horretan jarraitzea da hurrengo egunetan erabakiko dena, asko dago jokoan, erabaki historikoen garaia da. Zoritxarrez, Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena ez da aski, proposamena zehazgabea da, malgua eta minimoki jaso beharko lituzkeen hainbat neurri falta zaizkio. Ondoko neurriak:

- Helburua argi zehaztea: B2 maila (ingeleseko First) minimo gisa ikasle guztiek lortzea.

- Eredu berria D ereduaren parekoa izatea gutxienez, orain arte ongien funtzionatu duen eredua delako: euskaraz emaitza onenak eman eta gazteleraz eredu erdaldunen pareko emaitzak emanez.

- Irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izateko neurri zehatzak.

- Legea garatzeko finantziazioa eta ikastetxeek behar dituzten baliabideak esleitzea.

Manifestu honi atxekimendua ematen diogunok gaur egun eskolak euskalduntzearen aferak bizi duen egoera berezi eta garrantzitsuaz jabetzen gara eta helburu batek batzen gaitu: eskolak, hezkuntza sistemak, Euskal Herri osoko ikasle guztiak euskalduntzea

Goian azaldu dugun egoera ez da kasualitatearen ondorio, mendetako zapalkuntza bizi du euskarak, bai kalean eta baita eskoletan ere. Dena den, azken hamarkada luzetan lan handia egin du herri honek bere hizkuntza berreskuratzeko: Ikastolen sorrera eta loratzea; eskola publikoak euskalduntzeko lana; euskaltegietan herritarrak eta eskolak euskaldundu ez dituen ikasle kaltetuak euskalduntzen; etorkinak euskalduntzeko ahalegina; herri mugimenduaren ekimenak; etab. Herritarren borondatea argi erakusten dute ekimen hauek eta orain bi ikasturte 107768 herritarrek eskolak euskalduntzearen aldarriari emandako babesak herritarron nahia zein den berresten du, gure herrian egin den sinadura bilketa handienetako izaki.

Dena den, herritarren ahaleginak lege babesa behar du, hori baita gaur egun eskolak hiru ikasletik bakarra euskalduntzearen arrazoia, herritarren borondatea errealitate bilakatuko duen lege babesik eza. Ez dugu egun batetik bestera euskalduntzea lortuko, horregatik epe motzerako proposamenez gain, noizbait eskolak Euskal Herriko ikasle guztiak euskaldunduko baditu, politika burujabeak behar ditugu:

- Euskara Ofiziala eta lehentasunezko hizkuntza izan behar da Euskal Herri osoan, hizkuntza politika egoki batek lagundua. Euskara dagoen egoeratik ateratzeko, menpekotasuna iraunarazten duten lege eta politikek ez dute balio.

- Eskolaren arloan berriz, eskumen guztiak behar ditugu. Espainia eta Frantziako estatuek hezkuntzako eskumenak erabili dituzte erdarak inposatzeko. Hezkuntza Sistema Nazionala behar dugu hezkuntzaren gainean euskaldunok erabakitzeko.

Gauzak horrela, herri honetako ikasle guztien euskalduntzea bermatzera goaz, eskolak euskalduntzeko proposamen nazionala errealitate bilakatu dadin pausua bizkortzera goaz, administrazioen zain egon gabe. Proposamen nazional horrek zutabe nagusi batzuk behar ditu:

- Euskal Herri osorako proposamena eta ikasle guztiak euskalduntzeko helburua.

- Euskaldun eleanitzak. Euskara ardatz eta lehentasunezko hizkuntza nagusia izan behar du, gainontzeko hizkuntzei tokia gordez.

- Eskolako bizitza euskaraz egiteko berme gisa hezitzaile eta langile guztiak euskaldunak izan behar dira.

- Euskara hizkuntza propio gisa ikasi eta erabiltzeko euskal kulturan eta identitatean oinarritutako eskola behar dugu, Euskal Curriculuma behar dugu.

Ez da txikia aurrez aurre daukagun erronka. Proiektu haundi honen alde egiteaz gain, guk orain arte bezala ikastetxean, euskaltegietan eta kalean egunero euskalduntzearen alde urrats bat gehiago egiteko konpromisoari eutsi eta eskolak euskalduntzeko aldarrikapena zazpi haizetara zabaltzen jarraituko dugu. Herritarrei ere euskararen alde lanean jarraitzeko eta administrazioetatik datozkigun iruzur eta eraso berriak salatzeko dei egiten diegu.


Donostian, 2008ko azaroaren 15ean
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun