Picassoren emakume modeloetan oinarritutako mosaikoak ikus daitezke Kultur Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 17a, 12:18

Bere ibilbide artistiko oparoan zehar, Picassok sarritan landu zuen emakumezkoen figura, bai modelo anonimoetara zein bere bizitza pertsonalean nolabaiteko inplikazioa zuten emakumeetara joz. Bere maitasun harremanak, ugariak, aldi berekoak, luzeagoak edo laburragoak, pintorearen garai desberdinetako koadroetan agertzen dira; izan ere, bere arterako inspirazio-iturri handia izan ziren. Modeloen nortasun askotarikoek (Fernande Olivier; Eva Gouel; Olga Kokhlova dantzaria, bere lehenengo emaztea izandakoa; Marie-Therese Walter; Dora Maar argazkilari jugoslaviarra, zeinak "Guernica" koadroaren sorkuntza dokumentatu zuen bere kamerarekin; Françoise Gilot eta Jacqueline Rocque) indar handiz baldintzatu zituzten Picassoren trazuak. Orain, artista autodidakta baten pazientzia handiko lanak (Francisco Javier de la Torre; Basauri, 1960; unibertso picassiarraren miresle handia), mosaikoaren teknikarekin, pintore malagarraren hogei bat lan erreproduzitu ditu. Horiek guztiak azaroaren 30era arte egongo dira ikusgai Kultur Leioako erakusketa aretoan, sarrera doan. Ordutegiei dagokienez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Argazkian, mosaikoetako bat.

Bitartean, astearte honetan, hilak 18, 13 urtetik gorakoentzako "El hijo del mal" filma proiektatuko dute Leioako kultur aretoan, 20:00etatik aurrera. Sarrerak bi eurotan egongo dira. Aste honetako kultur egitarauarekin jarraituz, ostiralean, hilak 21, 22:00etan, Tonky Blues Band taldeak eskainiko du kontzertua, Blues Jazz zirkuituaren barruan. Julian Kanevsky Trioren kontzertua zegoen iragarrita, baina "antolakuntzarenak ez diren arazoak direla medio" ezin izango da Leioara joan. Sarrera 6 eurotan egongo da. Azkenik, larunbat eta igandean, Haurtxoentzako I. Antzerki Zikloa egingo dute Kultur Leioan: Frantziako Carre Blanc konpainiaren "Chiffonnade" eta Paraiso Teatroren "Lorategian" lanak egongo dira ikusgai, hurrenez hurren. Bakoitzeko bi saio egingo dituzte: bata 12:00etan eta bestea 18:30ean. Gauzak horrela, Paraisoren azken saioa euskaraz izango da. Sarrerak 4 eurotan jarri dituzte. Bestalde, abenduaren 26tik 30era bitartean, haur antzerkiaren erakustaldia egingo dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun