Goizeko saioa bukatuta, 14:00etan herri bazkari beganoa egingo dute, arratsaldeko ekimenetarako indarra hartzeko. Besteak beste, "Beste hezkuntza bat posible da" izenburuko mahaingurua (16:00) eta jardunaldiaren balorazioa egiteko eta hemendik aurrerako pausuak zehazteko batzarra (18:00) izango dituzte. Ekitaldi guztiak liburutegi nagusia, Gizarte Zientziak eta Lan Harremanetako Fakultate inguruetan izango dira.
Hainbat ikasle talderen oharra:
Ikasleon Nazioarteko eguna dela eta (astelehena, azaroaren 17a), behean azaltzen garen taldeok deialdia zabaltzen diogu Leioako kanpuseko ikasleria osoari egun honetarako planteatu diren mobilizazioetan parte hartu dezan, klaseak gelditu eta, paradoxikok, gure hezkuntzan sakontzeko helburuarekin.
Sistema ekonomiko mundialean oinarriturik dagoen eta ?demokratiko? hitzak duen esnahitik ezer gutxi duen ezarpen prozesua jarraitzen duen europako hezkuntza eredu berriaren aurka gaude erabat eta, horregatik, ezezko borobila esaten diogu EEES-i (Europako Goi-hezkuntza Gunea) eta Bologna prozesuari.
Unibertsitateko sektore guztien artean (ikasleak, irakasleak, langileak...) eztabaida eta gogoeta prozesu minimorik plazaratu gabe, hezkuntza eredu berri hau inposatzen diguten unibertsitateko gobernu organoek sustatzen duten desinformazio orokorra salatzen dugu lehendabizi. Nahi ala ez gazteok jasaten dugun prekarietatearen igoera ekarriko duen unibertsitate elitista honen ezarpena isiltasun eta iluntasunetik ari dira egiten, ezkutatzeko asko dutela erakusten duen jarrera bat mantenduz.
Arrazoi hauengatik eta aipatzen ez ditugun beste askorengatik, pertsona interesdun guztiak gonbidatu nahi ditugu astelehenean Leioako kanpusean burutuko den mobilizazio egunera, unibertsitate kritiko, publiko eta pentsakor baten bila, elkarren arteko aberasketa kulturalera eta askatasunera erabat loturik legokeena derrigor, enpresen onura ekonomikoetatik urrun. Unibertsitate aske baten alde borrokatzen dugu.
Ikasleon Nazioarteko egunean (astelehena, azaroaren 17a), ez zaitez klasera joan, zatoz unibertsitatera zuregan eragina duten gauzetaz ikastera.
Unibertsitate Kritiko baten aldeko Asanblada
Ikasle Abertzaleak
Eraldatu / Frente de Estudiantes
Ikasle Ekintza