EHUk eta Euskadi Irratiak "Der Kaiser von Atlantis" opera eskainiko dute ostegunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 17a, 17:15

EITBk eta EHUk, Euskaltel eta Innobasque-ren babesaz, Viktor Ullmann-en "Der Kaiser von Atlantis" (Atlantidaren enperadorea) opera eskainiko dute ostegun honetan, azaroak 20, Euskadi Irratiak antolatutako "Sormenaren gaua" ekitaldiaren bigarren edizioan. Lehendabiziko aldia da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) emango dutela, unibertsitateko iturrien arabera. Bi emanaldi egongo dira: 19:00etan eta 22:00etan EITBren egoitzan (Basurtuko Kaputxinoak 2). Sarrera doakoa izango da eta gonbidapenak eitbinfo[abildua]eitb.com helbidearen bidez eta EHUko Larrako Etxean (Lehendakari Agirre 83) eskura daitezke. Gaur bertan egin dute ekitaldiaren aurkezpena Bilbon, eta bertan izan dira Ander Gonzalez Antona EHUko Unibertsitate Hedakuntzako errektoreordea, Gorka Etxebeste Euskadi Irratiko Programa eta Produkzio burua, Josu Rekalde EHUko irakaslea eta zuzendari artistikoa eta Andrea Cazzaniga operaren musika zuzendaria, baita Euskalteleko eta Innobasqueko ordezkariak ere. Argazkian, Viktor Ullmann "Der Kaiser von Atlantis" operaren egilea.

"Der Kaiser von Atlantis" obra nazismoaren izaera eta giza bizitzaren balore urriari buruzko alegoria da. Egilea Viktor Ullmann (1898-1944) da, Auschwitz-eko kontzentrazio eremuan gaseztaturik hil zen konpositore judua. Opera hau Txekiako Terezin igarotze eremuan zegoela idatzi zuen, baina ezin izan zen estreinatu 1975ra arte. Osteguneko saioen musika zuzendari Andrea Cazzaniga da eta zuzendari artistikoa Josu Rekalde EHU Arte Ederren Fakultateko katedraduna. Zazpi kantarik, Xabier Mendoza Oliva baritonoak, Ana Otxoa sopranoak, Ralf Grobe baxuak, Alberto Nuñez Baracaldo tenoreak eta Ana Hasler sopranoak, besteak beste, eta Ensamble Kuraia taldeko hamahiru musikarik parte hartzen dute operan. Eszenografian, Rekalderen zuzendaritzapean, Ikuskizunaren Arte eta Zientziak izeneko masterreko 7 ikaslek lan egin dute. Pertsonaiei denboraz kanpoko estiloa eman diete, estereotipoa indartzen duena. Eszenatokiaren atzeko aldean jarriko den pantailan, libretoaren hitzetan, bizirik dauden hildakoak antzezten dituzten dantzarien irudiak eta alemanezko elkarrizketen itzulpenak ikusi ahal izango dira.

Lantaldea

Enrique Azurza EHUko abesbatzaren zuzendaria arduratu da ahotsez, Jorge Horno koreografiaz eta Marta Gutierrez jantzitegiaz. Eszenografia eta atrezzoa, berriz, Elias Martinez de Lecearen ardura izan da, eszenatokiko mugimenduaz Ricardo Bamaca arduratu da eta eszenarako bideoaz Jose Felix Gonzalez. Errejidorea Ana Carreira izan da, eta obraren ekoizpena Patxi Azpillagak eta Maider Urrutiak egin dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun