Getxoko Erakusleihoen Lehiaketaren 18. edizioan izena emateko epea bihar ireki eta abenduaren 9ra arte egongo da zabalik. Getxo Enpresa eta Merkataritza (GEEM) erakundea da antolatzailea. Lehiaketan parte hartzeko deialdia merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako udalerriko enpresa guztientzat da. Alde batetik, erakusleiho fisikoen kategoria dago, eta han sartzen dira jendeak kanpoaldetik ikusten dituen establezimenduko elementuak; bestalde, erakusleiho birtualen kategorian, batez ere, enpresen web-orriak daude. Lehiakideek nahi badute ez dago inolako arazorik aldi berean bi kategoria horietan parte hartzeko. Izena ematea telefonoz, faxez, posta elektronikoz edo GEEM elkartearen egoitzan egin daiteke. Sariak "oso interesgarriak" direla adierazi dute antolakuntzatik. Besteak beste, bidaiak, PDAk eta sakeleko telefonoak, Gabonetako otzarak, publizitatea komunikabide batzuetan, kafe loteak edo garaikurrak banatuko dituzte. Argazkian, Algortako Zurikalday gozotegiak irabazi zuen iaz lehiaketa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!