Euskal Herriko Bilgune Feministaren oharra:
Indarkeria sexistaren aurrean, autodefentsa feminista!
Aurten bilgune feministak bere diskurtsoaren zentroan autodefentsa feminista kokatu du. Bide honetan emakume izateagatik bizi dugun indarkeria sexista salatzeko gaur aurkezten dugun txilibitu honen proposamena egin nahi dugu, errespetuz erabili behar duguna. Arma oso boteretsua izan daiteke.
Emakume batek txilibitua jotzen duenean erasotua izaten ari dela adierazi nahi du. Erabili arrisku egoeran sentitzen zarenean. Erasotzailea salatzeko eta sostengurik gabe uzteko bitartekoa izango da.
Edozein jendarteko kideok txilibituaren soinua entzuten dugunean emakume bat erasotua izaten ari dela esan nahi du. Entzuten dugunean emakumeren bat arriskuan dagoela eta gure inguruan erasotzaileren bat daukagula jakingo dugu. Erasotzaileak gure herrietatik botako ditugu, jendarteak halako jarrerak baztertzeko erantzukizuna du.
Txilibitua bakarrik emakumeen eskura jarriko dugu eta ahalik eta espazio gehienetara heltzen saiatzeaz gain txilibituaren esanahia jendarteratzearen ardura ere hartzen dugu azaroak 25 honetatik bertatik hasita.
Erasorik ez, erantzunik gabe!
Nazkatuta gaude! Emakumeok autodefentsa!
Aurten, oraindik bukatu ez den urte honetan, dagoeneko 5 emakume erail, ehunka eraso zein bortxaketa eta emakume desagertu bat daramatzagu. Argazki hau zoritxarrez urteak pasa ahala errepikatzen joan zaigun irudi bat da, inork beronen aurrean taxuzko erabakirik ez duela hartzen ikusten jarraitzen dugun bitartean.
- Nazkatuta gaude indarkeria kasuak jazoera isolatu bezala tratatzeaz.
- Nazkatuta gaude gure askatasuna mugatzen duten jarrerak egunero jasan beharraz.
- Nazkatuta gaude instituzioek biktima soilak bagina bezala tratatzeaz.
- Nazkatuta gaude agintariek dituzten erantzukizun politikoak ez betetzeaz.
- Nazkatuta gaude komunikabideek indarkeria morboa bultzatzeko erabiltzeaz.
Errealitateak marrazten digun argazki krudel honen aurrean pazientzia bukatzen ari zaigu emakumeoi. Jada ezin dugu zain egon nahi ea gu salbatzera noiz etorriko, ezin dugu gure segurtasuna eta bizitza beste batzuengan delegatu.
Guregandik abiatuta egin nahi diogu aurre indarkeriari; emakume aske eta autonomo bezala formatuz, gure buruarengan dugun ziurtasuna handitu eta gaitasunetan sinetsiz. Geure etorkizuna, gure gorputza eta bizitzen jabe izatea nahi dugu. Horregatik, autodefentsa feminista garatzeko deia luzatu nahi dugu.
Autodefentsa feminista autogestiotik eta antolaketaren aldeko apustua eginez ulertzen dugu: Emakumeok emakume izateagatik erasotuak bagara defenda gaitezen. Arazo sozial honi aurre egiteko beharrezkoa da emakumeok antolatzea, gure artean babestea, taldean eztabaidatzea eta espazio komunak eraikitzea. Bakoitzak bere esperientziatik eta jarduteko eratik, denon artean aurre egin diezaiogun egunero itotzen gaituen indarkeriari, bat egin dezagun pairatzen dugun zapalkuntzarekin amaitzeko. Erabil ditzagun gure gaitasun guztiak emakume bat gehiagok indarkeriarik jasan beharrik izan ez dezan, berak bizi izan duena guztioi egiten baitigute.
Azaroak 25 honetan bete ditzagun kaleak aldarri garbi ozen batekin, bat gehiago pasatzen ez dugula utziko esatera irten gaitezen. Kontzentrazio, manifestazio eta bestelako ekimenetan parte hartuz has gaitezen emakume guztion artean gure etorkizunean zer nolako harremanak garatu nahi ditugun erabakitzen. Emakumeok! Apur dezagun sistema patriarkala!