Mundu kuantikoan ezinezkoa da muntaia sekuentzialeko fabrika bat sortzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 18a, 17:06

Enrique Solano irakaslearen ikertaldea ondorio honetara heldu da: Fisika Kuantikoaren oinarrizko legeek eragotzi egiten dute eragiketa kuantikoen fabrika sekuentzial bat sortzea. "Gure eguneroko bizitzan objektu konplexuak piezetatik abiatuta egiten dira; pieza guztiak eginda daudenean muntatu egiten dira objektua osatzeko. Halaxe egiten dira, adibidez, automobilak: pieza bakoitza egiten da, eta gero, bata bestearekin lotuta, automobila sortzen da. Aitzitik, hau ezinezkoa da mundu kuantikoan: eragiketa kuantiko global bat ezin daiteke eragiketa sekuentzialen kate batera ekarri", azaldu dute EHUko iturriek. Izan ere, Fisikaren oinarrizko legeek debekatu egiten dute hori. Ikertzaileen arabera, mundu kuantikoak bestela funtzionatzen du: hor partikulek propietate bat eta haren kontrakoa izan ditzakete… eta biak aldi berean. Ondorio honetara heldu den ikertaldea herrialde eta arlo desberdinetako ikertzaileek osatzen dute. Solano irakaslearekin batera taldean diharduten ikertzaileak ikergune hauetakoak dira: optika kuantikoko Max Planck Institutukoak; Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak; Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoak; eta Antonio de Nebrija Unibertsitatekoak. Argazkian, Enrique Solano irakaslea.

Ikertzaileentzat emaitza hau "ustekabe atsegina" izan da, proiektuaren hasierako helburua ez zelako oinarrizko debeku bat aurkitzea, baizik eta ondoz ondoko pausoetara ekarri zitezkeen eragiketa kuantiko globalak sailkatzea. Fisika Kuantikoaren arabera, diote ikertzaileok, "ezinezkoa litzateke mundu mikroskopikoan irizpide industrial klasikoak erabiltzea". Enrique Solano Fisikan doktorea da (Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala). Arlo ugariko ikergaiak lantzen ditu: optika kuantikoa, informazio kuantikoa eta zirkuitu kuantiko supereroaleak. Municheko Ludwig-Maximilian Unibertsitatean lanean egon ondoren, orain dela hilabete batzuk EHUn ikertzen hasi da, unibertsitatearen eta Ikerbasque Fundazioaren arteko hitzarmenari esker.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun