Jaialdian toki desberdinetatik etorritako eskarmentu handiko sei talde entzuteko aukera egongo da eta horiek musika eta dantza tradizionalaren erakustaldia eskainiko dute. Lehenengoz, Spraoi, Irlandatik heldutako musikari eta dantzari gazteek osaturiko taldea izango da, guztiek musika instrumentu bat baino gehiago eta dantza ezberdinak menperatzen dituztela. Jaialdian Irlandako zenbait musika pieza tradizional eskainiko dituzte. Italiako hegoaldetik Menta Fresca Danza taldea izango da, mendeetan izandako zibilizazio grekoaren eragina erakusteko. Galiziako Pandeiro Furado laukoteak muñeirak eta jotak dantzatuko ditu. Horretarako, kantua, panderoa, perkusioak eta gaita izango dituzte lagun. Bitartean, Euskal Herriko hiru ordezkari izango dira jaialdian. Alde batetik, Igorreko Arantzarte dantza taldeak Arratia inguruko errepertorioa eskainiko du, musika eta dantzaren bitartez. Bigarrenik, Gipuzkoako Sasi Dantza ikusteko aukera egongo da seikote baten eskutik, Alkorta anai-arrebarekin soinuan. Azkenik, Ipar Euskal Herriko Zpeiz Mukaki taldeak, 15 gaztek osatuta, euskal dantzari gaurkotasuna emango dio.
Trikisesioa
Jaialdia 20:00etan hasiko da eta 22:30etik aurrera "Trikisesion" izenarekin bataiatutako emanaldia izango da Areetako Glass kafetegian, doako sarrerarekin. “Bertan Jaialdian parte hartu dutenek joko dute, bakarka, nahiz elkar hartuta. Gainera, artistek ez ezik, herritarrek ere parte hartu ahal izango dute, soinua eta panderoa eramanez, han jotzeko eta denen artean giro polita sortzeko”, azaldu du Naiara Billalabeitia Bizkaiko Trikitixa Elkarteko ordezkariak. Aurkezpen ekitaldian ere izan den Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak ekimenari eskainitako laguntza izan du hizpide, “Aldundiak euskal kultur adierazpen guztiak sustatzeko interesa duelako”.