Euskararen Gizarte Erakundeen
Kontseilua alderdi politiko eta eragile ezberdinekin biltzen ari da, datorren abenduaren 13an Barakaldoko BECen 18:00etan “Pauso bat harago” lelopean egingo duen ekitaldi jendetsuaren nondik norakoak azaltzeko. Orain arte, EAJko, ezker abertzaleko eta Eusko Alkartasuneko ordezkariekin egin ditu bilerak Kontseiluak, eta datozen asteotan eragile eta alderdi gehiagorekin elkartuko da. BECeko ekitaldia izan dute hizpide gaur goizean, Gasteizen, EAko ordezkariekin izandako bileran. Kontseiluaren aldetik Xabier Mendiguren idazkari nagusia eta Koldo Tellitu lehendakaria joan dira, eta EAren aldetik, berriz, Unai Ziarreta presidentea eta Euskara nahiz Hezkuntza arduradun Onintza Lasa. Mendigurenek bileraren ostean jakinarazi duenez, “bileran euskararen inguruko hainbat gai izan ditugu aipagai, baina batez ere abenduaren 13ko ekitaldiari buruz aritu gara”. Idazkari nagusiaren esanetan, “EAk erabateko babesa adierazi dio ekitaldi honi eta jarraitzaile nahiz militanteei bertaratzeko deia luzatuko dietela ere adierazi digute”. Argazkian, Unai Ziarreta EAren presidentea.