Azaroaren 24an sinatuko dute lankidetza hitzarmena Osakidetzak eta EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 18a, 21:09

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Bilerak oniritzia eman dio unibertsitate ikerketa eta irakaskuntza burutzeko osasun erakundeen erabilera helburu duen Osakidetzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko lankidetza hitzarmenari. Horrenbestez, Basurtu, Gurutzeta, Txagorritxu eta Donostiako ospitaletan egin ahal izango dituzte ikasketak eta ikerkuntza lanak unibertsitarioek. Akordioa azaroaren 24an sinatuko dute. Bi erakundeek lankidetza harreman egonkorrak mantentzen dituzte, eta "harreman horiek ahalbidetu dituzte EHUri dagozkion natur zientzietako titulazio akademikoen inguruan aurreikusitako ikasketa planetan prestakuntza edukiak garatzea osasun erakundeetan", Lakuako iturrien arabera. Hala ere, inolako hitzarmenik gabe, aspalditik dabiltza EHUko ikasle eta irakasleak osasun zentroetan praktiketan edota ikerketak egiten. Besteak beste, Medikuntzan dabiltzan unibertsitarioen "baldintza penagarriak" salatzeko asmoz, apirilaren erdialdean 200 sinaduratik gora bildu zituen Leioa eta Erandioko campuseko fakultate horretako ikasle asanbladak.

Itunak kalitate baldintzetan osasun zientzien ikasketak egiten dituzten ikasleei prestakuntza egokia antolatzea eta gerora unibertsitateko hezkuntza eskaintzaren egokitzapena fundamentuz bermatzea du helburu, populazioaren hazkundearen aurreikuspenak, asistentzia eskariaren igoera eta osasun profesionalen ordezkapena aintzat harturik, azaldu dutenez. EHUko Gobernu Kontseiluak urriaren 17an eman zion oniritzia lankidetza hitzarmenari. Eta Osakidetzako Administrazio kontseiluak beste horrenbeste egin zuen urriaren 22an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun