Tangora etxeko jabeari 3 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 18a, 21:58

Bilboko Zigor Arloko Epaitegiak 3 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Neguriko Tangora etxearen jabeetako bati, pisua utz zezaten bizilagunak jazartzea edo higiezinen “mobbing”a egitea leporatuta, "El Correo Español" egunkariko edizio digitalak aurreratutakoaren arabera. Epaileak "frogatutzat" jo du, etxebizitza 30 pertsonako ijito familia bati hilean euro baten truke alokatuta, J.J.R. Erandioko ostalariak eta auziperatutako hiru maizterrek "jazarpena egiteko plana antolatu eta aurrera eraman" zutela. Azken horiei 3 eta 4 urte eta erdi arteko espetxe zigorrak (bakoitzari egotzitako delituaren arabera) jarri dizkiete, besteak beste, kalteak, mehatxuak, lapurreta edota bizilekua bortzatzea leporatuta. Horretaz gain, kaltetuengandik 200 metroko urruntze agindua eta Getxo udalerritik 5 urteko erbestealdia ezarri diote enpresariari. Errekurtsoa aurkezteko aukera daukate orain akusatuek. Argazkian, Tangora etxearen egungo egoera.

Neguriko Tangora etxeak hiru etxebizitza dauzka; bi duplex eta pisu bat. J.J.R. enpresariak duplexetako bat eta pisu bakarrekoa erosi nahi zituen. Pisua erosi zuen 2003an, baina duplexa ez zioten saldu. Orduan, 400 metro koadroko pisu hori, 30 pertsonako ijito familia bati alokatu zion, hilean euro baten truke. Jabeak epaiketan esan zuen pena ematen ziola hainbeste ume kalean egoteak eta horregatik alokatu ziela hain merke. Fiskaltzak, ordea, "lotsagabekeriatzat" jo zuen enpresariak esandakoa. Bere ustez, "duplexaren jabeei jazarpena egiteko sartu zituen etxean, duplexa saltzera behartzeko". Sei hilabetetan 40 salaketa ipini zituzten Bargela ijito familiakoen aurka: "uholdeak, lapurretak, mehatxuak eta bestelako triskantzak egitea" leporatuta. 2004an epaileak etxetik ateratzeko agindua eman zuen. Berehalako kartzela eskatu zuen epaiketan fiskaltzak pisuaren jabearentzat eta hiru maizterrentzat, baina epaileak ez zuen aintzat hartu. Horretaz gain, zazpi urteko kartzela zigorra eta 42.000 euroko isuna eskatu zituen jazarpen inmobiliarioa egiteko plana antolatu eta aurrera eramatea egotzita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun