Nabigatzailearen Eguna, ekitaldi askorekin bete dute: batetik, Itsas Museoaren ateak zabalik izango dira egun guztian zehar; hortaz, nahi duenak libre izango du bertako erakusketak eta instalazioak bisitatzea. "Thalassa" bergantin belaontzia bisitatzeko, euro bat besterik ez da ordaindu beharko. Halaber, goizean, umeentzako tailerrak izango dira museoaren kanpoaldean, eta haurrei zuzenduta ere, jolasak egongo dira (Gargantua, erraldoiak eta abar). Horretaz gain, Baserritarren Azoka egingo da, 11:00etan hasi eta 15:00etara arte, 30 bat postu izango direlarik. Gainera, Iruña Catering etxearen eskutik, sardina-jana dohainik izango da, 13:00etatik aurrera.
Egun guztian zehar, denetariko jakiak dastatzeko modua izango da. Halaber, txosna zabalduko dute, taloa eta itsasoko produktuez hornitzeko, prezio herrikoiekin gainera. Museoaren kafetegian bertan ere mokadu bat hartzeko aukera izango da. Ekitaldiok guztiok musikaz aberasteko, goizean Garaizarko Matsorriak korua eta Turutarra fanfarrea arituko dira. Nabigatzailearen Egunaren antolaketa lanetan hainbat talde eta elkarte jardun dira, hala nola, Orza Elkartea, Bilboko Portuko Agintaritza, Bilboko Udala, BBK, Arriluzeko Gurutze Gorria, Iruña Catering eta Smith & Smith.
Nazioarteko Kayak Jaitsiera
Bien bitartean, dagoeneko zabaldu dute epea Bilboko Herri Maratoia Klubak (BHM) eta Bilboko Konpartsek antolatutako Nerbioi ibaiaren III. Nazioarteko Kayak Jaitsieran izena emateko. Proba igande honetan, 11:00etan, abiatuko da Uribitarteko ibiltokitik, Bilboko udaletxe paretik. Kirolariek 12.500 metro luzerako bidea egin beharko dute Getxoko Kirol Porturaino. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 15 urte baino gehiago izatea da inskribatzeko baldintza bakarra. Izan ere, ez dute kontuan hartu federatua egon hala ez. Gauzak horrela, ostiralera arte (hilak 21) egongo da izena emateko aukera, BHMren bulegoan (Jose Maria Olabarri, 6 - 2 / Bilbo), telefonoz edo faxez (944 236 575) edo e-posta bidez (bhm[abildua]@clubbhm.com). Horrela eginez gero, 5 euro baino ez dira ordaindu behar izango. Egunean bertan eginda, ordea, 10 euro.