Euskal webgunetzat hartuko da Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Zuberoan edo Lapurdin egoitza edo jatorria duen enpresa edo norbanako batek egindakoa. Euskal diasporako internautek sortutako webguneak ere onartuko dira, haien gaiek Euskal Herriarekin zerikusia badute. Epaimahaia ospe handiko hamar euskal internautek osaturik egongo da, eta internautek aurrez aukeratutako bost webguneak bozkatuko ditu. Aukeratzeko irizpideak izango dira, besteak beste, egindako ahalegina, kalitate artistikoa, diseinua, egituraketa, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, negozioko edo zerbitzu publikoko ikuspegia eta edukiaren aberastasuna.
Blas Pedro Urberuagak Interneten erabilitako "nick" edo ezizena da "Buber". Idahora (AEB) emigratutako euskal artzainen semea da bera, fisikaria. 1994an, artean 23 urte besterik ez zuela eta Internet jaio berria zela, Euskal Herria gai bakartzat zuen lehenengo webgunea sortu zuen. Haren orriak euskal kulturari buruzko erreferentzia bakarra izan ziren Interneten urte askoan zehar.