"Euskal Herria" izenaren aldeko agiria babesteko kanpaina abiatu du ESAITek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 19a, 17:34

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) babesa eman zion, atzo Bilboko Ercilla hotelean eskainitako prentsaurrekoan, aurreko astean 165 euskal futbolarik plazaratu zuten agiriari. Euskadiko Futbol Federazioak abenduaren 23ko partida Euskadi izenarekin jokatuko duela esan izana eztabaida bizia piztu du. Egoitz Saskibar ESAITeko kideak iazko aurrerapausotik "blokeo eta inposizio egoerara" bueltatu izana kritikatu zuen, eta "ofizialtasunaren etsaien bidelagun" bihurtzea leporatu zion Euskadiko Federazioko buru Iñaki Dobarani. Horrela, presidenteari "zer-nolako eta noren presioak jaso dituen" argitzeko eskatu zion Ritxi Mendiguren taldeko kideak. Aurten piztu den eztabaida ikusita, ESAITek ofizialtasunaren aldeko manifestazioa egingo du abenduan. "Inposizioa mantenduz gero, euskal kirolariei, gizarte eragileei, alderdi politikoei eta sindikatuei Bilbon egingo dugun mobilizazio erraldoian parte hartzera dei egiten diegu", esan zuen Mendigurenek. Argazkian, iazko Euskal Herria eta Kataluniaren arteko partida aurretik egindako manifestazioa / Nazio bat, selekzio bat.

ESAITek adierazi zuenez, "jokalarien hausnarketa izen hutsari dagokiona baina mamitsuagoa" da, eta "ofizialtasunaren bidean pauso historikotzat" hartu zuten. Horrekin batera, iaz Bilbon federazioak, jokalariek eta jendarteak irudikatutako batasuna haustea leporatu zien jokalarien agiria kritikatu dutenei. Euskal futbolariek kritika gogorrak izan dituzte agiria ezagutarazi zutenetik. Horren aurrean "jokalariak babestea ezinbestekotzat jotzen dugu", esan zuten iritzi taldetik. "Euskal Herria ordezkatzen duen selekzioaren aldarria gizartean erabat barneratuta dagoela, jokalariak ez daudela bakarrik eta jendartearen babesa dutela erakutsiko dugu", gaineratu zutenez. ESAITek jokalariek zabaldu mezua herriz herri hedatuko du gizarte eta kirol eremu orotara. Horren adibide, gaur bertan, arratsaldeko 7etan, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean izango den batzar irekia. Horrez gain, jokalariei adeitasuna helaraziko zaie Nazio bat, selekzio bat atariaren bidez. Dagoeneko euskal futbolarien aldeko bannerra zabaltzen hasi dira sarean.

ESAIT selekzioen aferaren aurrean:

Azken urte hauetan, ESAITek eta gizarteko beste hainbat sektorek berriki euskal futbolariek argitara eman duten agiriarekin bat egiten dituzten urratsak eskatu dituzte. Duela bi urte, Gabonetako partiden dinamika kolokan jarri zen, berau bide baino helburu bilakatu baitzen. Partida horiek Murtzia edo Extremaduraren gisako talde autonomikoek jokatzen dutenen partekoak bilakatzen ari baitziren. Hori dela-eta, jokalariek orain emandako urratsak azken urteetan landatutakoa du oinarri. Iaz eszenatoki berri bat zabaldu zen. Aurrerapausu nabaria ikusi genuen eta hori irudikatu zuten bi mugarri nagusiak San Mamesen bizitako giroa eta Bilboko kaleetan burututako manifestazio erraldoia. Bertan, gizarteak euskal selekzioen ofizialtasuna irmo aldarrikatu zuen.

Kataluniaren kontra jokatu zuen selekzioa Euskal Herria izan zen. Ofizialki lehiatzea eskatzen duen zazpi lurraldeetako herri bat irudikatu zen. Duela hamabi hilabeteko argazkiak batasuna islatzen zuen. Federazioa, jokalariak eta gizartea eskuz esku eta jomuga berdinarekin. Ilusioaren irudia, aurrera egiten ari ginelaren sentsazioa transmititzen zuen argazki baten aurrean izan ginen. Izan ere, Euskal Herria izeneko talde nazionalarekin aritzea posible zela irudikatu baitzen eta aurrerapausu batzuk ematen ari zirela ikusi baitzen.

Baina, aurtengo zitari begira norbaitek batasuna haustea eta iaz bizitako ilusioa zapuztea erabaki du. Atzerapausu nabarmen baten aurrean gaude. Ez dute Kataluniaren aurkako partidaren irudia errepikatu nahi eta jokalariak zein gizarteak onartzen ez duten selekzio eredu bat inposatu gura dute. Euren helburuak lortzeko, gainera, zazpi lurraldez osatutako selekzioaren izena ezabatu nahi izan dute.

Blokeo eta inposizio egoeraren aldeko hautua egin dute. Duela urtebete, Euskadiko Futbol Federazioaren ahotik entzun genuen “batzutan partida hauen benetako protagonistak jokalariak direla” eta taldeak Euskal Herria izena hartu zuela bertan “Euskal Herriko jokalariak aritzen direlako”.

Orain, zergatik ez da posible duela 10 hilabete balio zuenak? EFFk berak azaldu beharko du aldaketa honen zentzua eta atzetik zer nolako eta noren presioak jaso dituen. Argí hitz egin behar dute, izan dituzten presioak argitu behar dituzte, eta ondo baino hobeto azaldu beharko dute zergatik ez dituzten bete azken urteetan bai ESAITekin, bai jokalariekin lotu dituzten akordioak.

Jokalariek kaleratutako agiriak zalaparta sortu du bai, baina asko izan dira eztabaidaren funtsari heltzera uko egin diotenak. Batzuk gaia sinplifikatu nahi izan dute, izenari soilik eragiten dion arazo baten moduan tratatuz. Guretzat, futbolarien hausnarketak mami askoz handiagoa zuen eta guk berarekin bat egiten dugu.

- Euskadi izan baita aurten atleta nafarrak kanpoan utzi dituena.
- Euskadi izan baita aurten lehiatutako Ur Jokoetan Ipar Euskal Herriko kirolariak baztertu eta Akitaniaren koloreak defendatzera behartu dituena.
- Guzti hau Lakuako gobernuak behartu du, Euskadik euskal kirolariak banatuta lehiatzera behartzen baititu, nahiz eta euren borondatea guztiak batera aritzea den.

Hori dela-eta, futbolariek argi ikusi dute ezinbestekoa dela zazpi lurraldeak euren baitan hartzen dituzten eta EAEkoa ez izateagatik inor diskriminatzen ez dituzten kirol federazio propioak sortzea. Ildo horri eutsiz, gure buruari galdetzen diogu ia EFFk ze urrats eman dituen ofizialtasunerako bidean?… Zero.

Jokalariak izan dira mahai gainean kolpea eman behar izan dutenak, ez baitute inolako borondaterik ikusten federazioaren baitan eta dinamika horrekin ofizialtasuna lortzea ezinezko ikusten dute.

Urrats historikoa jokalariena

165 jokalari hauen agiria pausu historikoa izan da. Koloredun argazki eta eszenatoki berri bat irudikatu dute. Harro gaude beraietaz, harro gaude herri honek euren tamainako kirolariak edukitzeaz. Azken urteotan, behin baino gehiagotan erakutsi duten euren konpromisoa eta aurrerapausuak emateko asmoa berretsi dute. Erasoak jaso izan dituzte. Betikoek, ofizialtasunaren kontrakoek, aliatu berria izan dute orain. EFFk proposatutako atzerapausuan zeresan handia duten horiek dira orain euskal selekzioen ofizialtasunaren etsaien bidelagun berriak.

Hortaz, jokalariak babestea ezinbestekotzat jotzen dugu. Berriz ere, Euskal Herria ordezkatzen duen selekzioaren aldarria gizartean erabat barneratuta dagoela, jokalariak bakarrik ez daudela eta jendartearen babesa dutela erakutsiko dugu. Heldu da eguna non kaleko jendeak futbolarien lekukoa hartu behar duen. ESAITek jokalarien zabaldutako mezua herriz herri zabalduko du, gizarte eta kirol eremu guztietara hedatuz. Horrekin batera, etxetik irten gabe, gura duenak euren berotasuna helarazi al izango die jokalariei naziobatselekziobat.org ataria. Herri honek Euskal Herriaren aldeko apustua egin duela irudikatuko dugu.

Azkenik, beste deialdi bat egiten diogu euskal jendarteari. Adi egon dadila eta herri eta eskualdeetan Euskal Herriko selekzioaren aldeko dinamikak antolatzera animatzen dugu. Gainera, inposizioa mantenduz gero, Euskal Herriko kirolariei, gizarte eragileei, alderdi politiko eta sindikatuei abenduan Bilbon burutuko den mobilizazio erraldoian parte hartzera gonbidatzen ditugu. Bertan, garbi utziko baitugu herri honek Euskal Herriko selekzio nazional eta ofizialen aldeko hautua egiten duela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun