Gorotzak jaso behar dituztela gogoratuko die txakurren jabeei Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 19a, 17:54

“Getxotik gustura ibili zaitezen, jaso ezazu zure txakurraren kaka” lelopean, udalerrian euren abereak paseatzen ibiltzen diren lagunei zuzendutako kanpaina abiatu du Getxoko Udalaren Ingurumen Arloak. Txakurren gorotzak bide publikotik jasotzeak duen garrantziaz ohartaraztea da ekimenaren helburua, "eragozpen asko eragiteaz gain, arrisku larria eragiten baitu osasunean eta ingurumenean, gizalegearen aurka jardun eta txakurren gorotzak espaloi gainetan edo parkeetan batu barik uzteak", udal arduradunek adierazi dutenez. Kanpainak hilabeteko iraupena izango du eta, denbora horretan txakurren jabeek, hau da, udalerrian erroldatuta dauden 4.250 lagunek, -herrian dauden txakur guztien %80-, eskutitza eta kanpainaren nondik-norakoak azaldu eta aholku eta neurriak biltzen dituen eskuorria jasoko dituzte euren etxeetan. Bestalde, 300 bat kartel ipiniko dituzte udal egoitzetan eta udalerriko ikastetxeetan, albaitarien kontsultategietan eta animalien saltokietan, eta beste 56 panel oinezkoendako zonaldeetan, parkeetan eta lorategietan. Argazkian, lorategietan txakurren gorotzak jasotzearen beharraz ohartarazteko kanpaina egin zuen 2007ko maiatzean Udalak.

“Inori ez zaio gustatzen txakur gorotzak etxera eramatea oinetakoaren zolan. Oso desatsegina da. Hartara, Getxotik gustura ibiltzeko, bere kale eta lorategietatik, bere parke eta oinezkoendako guneetatik, jendeak ardura hartzea eta zenbait neurri hartzea beharrezkoa egiten da”, azaldu du kanpainaren aurkezpenean Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak. Aipatu neurri horiek lirateke, lehen-lehenik, aberearen kaka beti jasotzea, lorategi eta berdeguneetan ere bai, “ez baita ongarria, soropila kaltetzen duen pozoi toxikoa baizik; eta gainera, gure berdeguneak zaintzen dituzten langileen lana kaltetu egiten baitu”, udal arduradunaren arabera. Txakurren gorotzak, bestalde, gaixotasunen iturburua dira, eta ondorioz arrisku larria suposatzen du Getxoko parkeetan egunero jolasten duten umeentzat.

Gaixotasun iturri

Horregatik guztiagatik, txakurra ateratzen duten bakoitzean eurekin beti poltsa bat edo paper bat eraman behar dutela gogoratu diete jabeei Ingurumen Arlotik. Hori ez egitekotan, gorotza jasotzen ez baldin badute alegia, udal araudian jasotzen denaren arabera, 30 eta 300 euro arteko isuna jaso dezakete. “Txakurren jabeen lankidetza eta konpromisoarekin Getxoko herritar guztiok gustura oso ibili ahal izango dugun udalerria gozatuko dugu”, esan du Eigurenek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun