Abenduaren 4ko Errektoretzarako hauteskundeetara aurkeztu diren hautagai bien publizitate materialei "kalteak etengabe" egiten ari zaizkiela salatu dute EHUko arduradunek. Helarazitako prentsa oharrean ekintza horiek "guztiz arbuiatu eta gaitzetsi" dituzte, "prozesu demokratikoa normaltasunez gauzatzea eta unibertsitate kideen informazio-eskubidea eragozten baitute". Gaineratu dutenez, "halako ekintzek hautagaien adierazpen-askatasuna bortxatzen dute, eta hori are larriagoa da ikuspegi etiko eta politikotik". Gauzak horrela, "bere esku dauden neurriak" hartuko dituela iragarri du EHUko Errektoregoak, "hautagaiek trabarik gabe zabal ditzaten euren programak eta hauteskunde-prozesua modu demokratikoan gauza dadin bermatzeko". Argazkian, Marisol Esteban Ekonomia Aplikatuan katedradunarekin lehiatuko da irudian agertzen den Iñaki Goirizelaia Ingeniaritza Telematikoan katedraduna.