"Parte hartze zuzeneko" batzorde hori auzo elkarteek, alderdi politikoek, udal arduradunek eta Bizkaiko Garraioa Partzuergoak osatuko lukete, Almansaren aburuz, "kaltetutako bizilagunen kexak eta gomendioak bideratzeaz gain, guztion artean irtenbide egokiena aurkitzeko asmoz". "Izan ere, obrak hasi besterik ez dira egin. Domingo Iturrate kalea hartu eta Maidagan kalea mozten dutenean are larriagoa izango da egoera. Bi urte baino gehiago iraungo dute lanok", arranguratu da Getxoko PSE-EEren eledunak. Aipatu duenez, "babesik gabe eta abandonatuta" sentitzen dira auzotarrak. Hori dela eta, batzordea abendurako abian egotea nahi du konstituziozaleen zinegotziak.
Ibarbengoa beharrean Getxo
Almansak "Iberberango" izena aipatu duen arren, Ibarbengoa deitu nahi dioten Bidezabal eta Berango arteko metro geltokiari, "Getxo" deitura jartzea ere eskatuko du azaroaren 28ko udal batzarrean, mozio bidez, Getxoko PSE-EEk. Izen hori zeukan antzinako geralekua kendu ez zezaten, "auzotarrek egindako borroka aintzatetsi eta udalerriak galdutako izendapena berreskuratu" nahi dute horrela. Almansarekin batera prentsaurrekoan egon den Iñaki Egaña Bizkaiko Batzar Nagusietako PSE-EEren ordezko bozeramaileak adierazi duenez, Getxoko Udalbatzak bi proposamen horiek onartzekotan, eurak arduratuko dira "beharrezko izapideak" egiteaz.