Bihar zortzi biñetaren munduak beteko ditu Itzubaltzeta eta Areeta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 20a, 14:12
Azaroaren 28tik 30era Getxoko zazpigarren Komiki Azoka izango da. Hiru egunetan zehar Areetako Xake plaza biñetaren munduko topagune bilakatuko da eta bertan, salmenta postuez gain, hainbat ekitaldi egongo dira. Iaz bezala, aurten ere mangaren mundua leku propioa izango du Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. Zenbait postu egongo dira bertan eta ekitaldi anitz izango dira ekialdeko komikiaren inguruan. Guztira, 100 bat postu egongo dira bi lekuetan, Getxoko Kultur Etxeak zehaztu duenez. Bertan komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari loturiko zenbait sektore egongo dira. Bestalde, ohikoa denez, nazioarteko egileak ere izango dira azokan. Argazkian, iazko Komiki Azokara hurbildutako hiru lagun.
Beraz, hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, hain arrakastatsuak diren sinatze-txandetan ere, zaleek autorerik gustukoenak zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera eduki dute. Aurtengo azokan Michael Golden, Gene Ha, Arthur Suydam, Espainiako Komiki Saria jaso berri duen Paco Roca, Luis Duran eta Carlos Gimenez egileak egongo dira, besteak beste. Halaber, Carlos Gimenezi, "Paracuellos" eta "Los profesionales" lan ospetsuen egileari, omenaldia egingo zaio. Baita "Ipurbeltz" aldizkariari ere, hiru hamarkadetan zehar haur eta gazteentzako euskal komikia bultzatzeagatik.

Erakusketak, nobedadeak, hitzaldiak...

Ohikoa denez, erakusketa garrantzitsuak izango dira azokan. Zazpigarren ekitaldi honetan egile ospetsuen lanaren inguruko erakusketak egongo dira. Horrela, Areetako Xake plazako karpan Carlos Gimenez, Victor Santos (aurtengo azokaren kartelaren egilea) eta Victoria Frances ilustratzaileen lanak egongo dira ikusgai. Azkenik, "Ipurbeltz" euskal komiki aldizkariaren inguruko erakusketa ere egongo da bertan. Mangaren gunean, berriz, Ikebana (ekialdeko lore apainketaren artea) eta Japoniako antzinako jostailuen erakusketak egongo dira. Azkenik, Euskal Ilustratzaile Elkarte Profesionalaren (EIEP) eskutik "El Balanzín" aldizkariaren erakusketa egongo da. Halaber, elkarte horren egileek beren lanak erakutsiko dituzte Getxoko zenbait aretoetan.

Argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak ez dira faltako azokan. Eta ezin ahaztu hitzaldi eta mahainguruez, egunero izango baitira ekitaldi aretoan, baita proiekzioak ere, asko zikloetan bilduta. Izan multimediako lanak, izan animazioak, laburmetraiak, dokumentalak edo animeak, ikusleek komiki munduarekin loturiko zineaz gozatzeko aukera izango dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun