Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute EHUko Medikuntza Fakultatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 20a, 17:59

Medikuntzako Ikasleen Asanbladak deituta, 50 bat neska-mutil batu dira gaur goizean, Leioa eta Erandioko campuseko fakultate horretako pasilloetan barrena burrunbada egiteko. Horren bidez, "hizkuntza eskubideak urratuak" dituztela salatu eta euskarazko taldeentzat "baldintza duinak" eskatu dituzte ikasleek. Medikuntza Fakultatean euskararen egoera "penagarritzat" jo dute asanbladatik: "gure ikasketak euskaraz egitea erabaki genuen ikasleok, ez dugu hori bermaturik. 2. zikloa ia osorik gazteleraz egitera behartuta gaude, 1. zikloa ez dago guztiz euskaldundurik eta matrikula egiterakoan hautazko ikasgaiekin arazoak izatea ohikoa bihurtu da dagoeneko", azaldu dutenez. Hori dela eta, hori salatzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela ohartarazi dute eta hizkuntz eskubideen alde egitera deitu dituzte ikasle guztiak. Burrunbadari amaiera emateko, "Euskararen sariak" banatu dituzte parodia eran; egoera salatzeko eta "errudun eta arduradun direnen betebeharren huts egiteak agerian uzteko". Argazkian, ikasleak fakultateko pasilloetan barrena / Gaztesarea.

Azaroa fakultatean ematen diren "hizkuntza eskubideen urraketak" salatzeko hilabetea izango zela erabaki zuen Medikuntzako Ikasleen Asanbladak. Izan ere, aurretik egindako analisiak "argi" utzi zuen, ikasleen ustez, "EHUk euskararen babesle dela antzezten duen bitartean, unibertsitatean aurki daitekeen euskararen egoera penagarria dela". Are gehiago, "euskararekiko interes falta" erakustea leporatu diete Medikuntza Fakultateko departamentuetako arduradunei: adibidetzat, "gaztelerazko eta euskarazko irakasle kopuruaren arteko aldea oso handia" dela aipatu dute, baita "euren lan baldintzen artean desberdintasun handiak" daudela ere. Egoera salatzen saiatu direnean, berriz, "behin eta berriro isilarazten" saiatu direla diote ikasleek. "Gure kexak entzun eta erantzukizuna hartu beharrean, bedela eta garbiketakoak bidaltzen dituzte ikusi nahi ez dituzten kartel eta pegatinak kentzera", adierazi dute asanbladakoek.

Ekimen ugari

Horren aurrean, gela bakoitzean ikasle guztien euren kezka zein proposamenak jasotzeko postontzi bana jarri eta ekimen anitz egiteari ekin zion, hilabete hasieran, Medikuntzako Ikasleen Asanbladak. Besteak beste, irakasleekin izandako hartu-emanez josita egon da azaroa. Hala ere, atzo, 40 bat lagun bildu zituen batzarrean argi ikusi zuten "ikasleen kezka eta amorrua nahiko orokorrak direla" eta aurrerago joan behar zela. "Kezka eta hitz horietatik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste dugu. Beraz, azaroa bukatzear dagoen arren, euskararen aldeko borroka ez dugu alde batera utziko. Horregatik, gure fakultateko arazoak bertan zabaltzea oztopatzen badigute, haratago joango gara eta gure esku dagoen guztia egingo dugu guztiek jakin dezaten zein den hemengo errealitatea, gure trebakuntzako hutsuneak eta gure eskubideen urraketak", diote.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun