Algortako Ereaga hondartzako La Terraza jatetxe aurrean, errepidearen bestaldean dagoen turismo bulego nagusia Kirol Portuko sarrerara aldatzea eskatuko du, azaroaren 28ko udal batzarrean, mozio bidez, Getxoko PPk. "Gobernu Taldeak berak onartu du egungo bulegoa txiki geratu zaiela eta, egoera txarrean egon arren, ezinezkoa dela konpontzea", azaldu du gaur Marisa Arrue popularren bozeramaileak. Tokiko gobernuak, ordea, La Terraza bota eta bertan altxatzeko asmoa daukaten eraikinean jarri nahi du. PPkoen ustez, bisitarientzat "eskuragarriago" egongo litzateke turismo bulego berria, itsas bidaietako ontzien atrakalekutik hurbil eta "udalerrian izango dugun hotel esanguratsuenaren -Begoña gazteluko galerietakoa-" jarriko balute. Argazkian, Ereaga ondoko turismo bulegoa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!