Halaber, ikasleei zuzendutako egitaraua "indartu" egingo da aurtengo edizioan, eta abenduaren 5ean Ikasle-Irakasleen Eguna ospatuko da. Bisitan doazen gazteei zuzenduta ekintzat indartu egin dira, eta makillaje erakustaldia, graffiti tailerra, break dance eta hip-hop tailerra, eta "Blusens" altxorraren bila lehiaketa antolatu dira.
Jakina denez, aurtengoko Durangoko Azokako gai nagusia irudia da eta irudigileei edota ilustratzaileei zuzenduta dago, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren laguntzarekin antolatuta. Saioak, dena dela, irekiak izango dira, eta Arnal Ballester 2008ko Espainiako Ilustrazio Sari Nazional izango da gonbidatu nagusia.
Bestalde, Finlandiako literatura eta suomiera izango da atzerriko herrialde eta hizkuntza gonbidatua. Euskal Idazleen Elkartearekin batera, aurten, Suomitar Euskalherria-Finlandia Kultur Elkartearen laguntza izan da egitaraua antolatzeko.
Bukatzeko, azokako kartela Aritz Zabala gasteiztarrak egin du, eta kartelaren inguruan sorturiko polemikaren harian, Gerediaga Elkarteak "elkartasun osoa" adierazi dio kartelaren egilea den Aritz Zabalari eta "une latza" pasatzen ari dela esan du.
Argizaiola saria
Gerediaga Elkarteak Juan Zelaia enpresa-gizon oñatiarrari emango dio Argizaiola omen-saria abenduaren 5etik 8ra bitartean ospatuko den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. "Enpresa mundutik euskara eta euskal kultura laguntzeko egiten den lanari eskerrona" adierazteko jasoko du saria Zelaiak. San Agustin Kultur Gunean izango da "Gauean Argi" ekitaldia, abenduaren 6an, 20:30ean.
Juan Zelaia Letamendi 1920an jaio zen Oñatin. Enpresa gizona da, baina kulturak eta bizi duen gizarteak kezkatzen duela erakutsi du beti. Ingeniari doktorea da. Familiarteko enpresa-ardurak hartu ditu, Cegasa, Tuboplast eta Hidronor, besteak beste.
Interes berezia erakutsi du beti kulturaren munduaz. Ekimen askoren sustatzaile eta laguntzaile izan da. Batzuk aipatuta, ikastolak bultzatu ditu, 1974an Everestera egin zen Tximist espedizioan lagundu zuen, Euskal Fundazioaren sortzaileetako bat izan da, eta bere izena daraman saiakera saria babesten du.
Sariak ere hainbat eskuratu ditu. 2000. urtean Eusko Jaurlaritzak Lan Onari goraipamena eman zion, 2002an Abbadia Saria jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik eta aurten Jimeno Jurio saria jaso du.