Ekologisten ustez, sakeleko telefonia, Wifi, Wimax eta Dect sistemak, radarrak, goi-tentsio kableak eta transformagailu elektrikoen enpresek eta, oro har, haririk gabeko komunikazioen industriak "lurra jo lezakete mugikorren telefonia osasunarentzat kaltegarria dela onartuko balitz". Industria hori sistema ekonomikoarekin konparatu dute: "berriki ikusi dugu zelan joan den gainbehera gutxi batzuen dirugoseagatik eta kontrol ezagatik". Baina, oraindik orain kezkagarriagoa iruditzen zaie eremu elektromagnetikoen afera, "gure osasuna eta hurrengo belaunaldiena jokoan baitago".
Uhinak eta minbizia
Ekologistek erabilitako premisa erraza da: "eremu elektromagnetikoak ez dira ikusten, ez dira nabaritzen, baina hor daude eta neur daitezke". Gaur azaldu dutenez, sakeleko telefoniarako milaka estazioen ugalketak, "askotan kontrolik gabekoa eta ilegala", emisio elektromagnetikoen mailak arrapaladan goratzea eragin du. Hainbat ikerketen arabera, erradiazio maila baxuan baino etengabean egoteak honakoak sor ditzake: antsia, buruko mina, nekea, insomnioa, depresioa, minbizia, haur-leuzemia, eta abar. Horren aurrean hiritarrek duen informazio eza salatu dute. "Telefonia enpresek eta erakundeek ezer ez dela gertatzen ari esaten digute, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) dioela osasunarentzako kaltegarriak ez direla. Baina esaten ez digutena zera da, OMEk berak behe-frekuentziako eremu elektromagnetikoak B2 mailan sailkatu dituela, hots, gizakientzako balizko minbizi sortzaileen kategorian". Gainera, konpainiek sinatzen dituzten aseguru kontratuak izan dituzte erakusle osasunarentzat kaltegabeko eremu elektromagnetikorik ez dagoela esateko. Horrela, Airtelen kontratuak alde batera uzten du sakeleko telefonoek sor ditzaketen ezinegonak, gaixotasun mota guztiak edota heriotza. Iberdrolak ere ez du bere gain hartzen eremu elektromagnetikoek sor ditzaketen kalteak. Londreseko Lloyd's aseguru-etxe ezaguna, berriz, bere burua prestatzen ari da, sakeleko telefonia eta gaixotasunen baten arteko lotura egingo balitz telefonia enpresen aurkako demandei erantzuteko. Horretarako, tabakoarekin izandako esperientzian oinarrituko lirateke, ekologisten arabera.
Gainera, eskatu duten eremu elektromagnetikoen emisioen gutxitzea dagoeneko munduko hainbat lekutan egiten ari den eskaera dela kontuan hartzekoa dela uste dute. Italian, AEBn eta Europako Batasunean bertan Europako Ingurumen Agentziak ekimen hori babesten dute, tabako edota amiantoarekin zein berandu jokatu zen gogoan izanda. Bestalde, azaldu dutenez, gero eta gehiago dira bere osasunaren alde borrokatzeko asmoa izan eta elkarteetan batzen diren pertsona kaltetuak.
Hamaika pauso erradiazio gutxiago egon dadin
Giza talde ezberdinei hainbat kontu eskatu dizkiote. Kaltetutakoei batzea eta aldarrikapenak koordinatzea eskatu diete, osasunerako eskubidea helburu. Eliza katolikoari, berriz, gaiaren inguruan hausnarketa egitera bultzatu nahi dute, "bere eliza eta lokaletako dorre askotan antena pila bat zabaltzen ari baitira, gehiengoetan gainera beharrezko lizentziarik ez dutenak". Horregatik, irabaziez eta arimaren osasunaz gain, hiritarren gorputzen osasunaz" kezka daitezela eskatu diete.
Hirugarren eskaera sindikatuei egin diete, gai hau lan osasunean koka dezaten eta are gehiago, hezkuntza, osasungintza eta geriatria eremuetan, "zonalde sentiberak" baitira. Telefonia eta eremu elektromagnetikoekin lan egiten duten enpresei, berriz, beren langile, bezero eta hiritar guztien osasuna kontuan hartuko duen enpresa kultur berria abiatzeko kapazak izango diren galdegin diete. Bide horretan, Salzburgo (Austria) hiriaren adibidea eman diete. Bertan, telefonia enpresek eta hiritarren elkarteek batera dihardute telefonoen kobertura eta osasunaren bermearen arteko oreka lortu nahian.
Eskaera gehien, alderdi politikoei
Hauteskunde kanpainaren usaina bazter guztietatik datorrela, alderdi ezberdinek label berdea jantzi baino lehen baldintzak jartzeko egoera baliatu dute ekologistek. Horrela, honako puntuak hauteskunde programetan biltzea iradoki diete: eremu elektromagnetikoen inguruko legea sortzea, osasunaren eta hiritarren eskubideen bermea izan dadin; erradiazioak zeluletan aldaketak sor ditzakeen 0,1 µW/cm² maila baino txikiagoak izan beharko direla zehaztuko duen legea onartzea; eremu elektromagnetikoak eragiten dituzten gailuak zonalde sentiberetatik eta hiritarren bizilekuetatik urruntzea; haririk gabeko teknologia berriak merkaturatzea baino lehen horien ikerketa zientifikoak derrigortzea; adingabekoei sakeleko telefonia debekatzea eta merkatu hori jorratzen badute enpresei zigor gogorrak ezartzea; garaiz ez legislatzeak osasungintzan eskatuko lukeen gastua iker dezaten.