Kultura Topagunea aurkeztuko dute bihar Leioako kultur eragileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 20a, 22:43

Leioako hainbat kultur eragile batzen dituen Kultura Topagunea aurkeztuko dute bihar Uribe Kostako udalerrian. Besteak beste, Berbalamiñe euskara taldea, Gure Ohiturak dantza taldea, Udondoko jai batzordea, San Juan gaueko Maskarada, Zero antzerki taldea, Txakurzulo Gazte Asanblada, Maritxu Teilagorri txosna batzordea eta Kurkudi kultur taldeak osatzen dute Leioan euskal kultur herrikoia eta partehartzailea bultzatu nahi duen bilgune berria. Jendaurrean aurkezpena egiteko hitzordua bihar, ostirala, arratsaldeko 7etan, jarri dute, Leioako Errekalde plazan dagoen zaharren egoitzan. Bertan, topagunearen ezaugarrien berri eman, elkarlanean egingo dituzten hurrengo ekimenak iragarri eta Leioako Udalarekin kultur filosofiaren inguruan dituzten desadostasunak plazaratuko dituzte. Argazkian, Gure Ohiturak dantza taldeko kideak Berbalamiñek antolatutako 2007ko Txitxiburruntzi Egunean.

Kultura Topagunearen oharra:

Leioako zenbait kultura talde batu egin gara, Kultura Topagunea osatzeko. Leioan, herri eta euskal kultura sustatzeko sortu da Kultura Topagunea. Kultura taldeon artean, elkarri baliabideak eskaini eta herri kulturak behar duen bultzada eman nahi dugu.

Leioako udalak bigarren planoan ditu herriko kultura taldeak, kultura partehartzaileak izan beharrean, ikusle bilakatzen gaitu herrian. Arrazoi guzti hauek eraman gaituzte, Kultura Topagunea osatzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun