Olatuen energia ikertzeko "Europako plataformarik aurreratuena" jarriko dute Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 20a, 22:48

BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) aurkeztearekin batera, aipatu instalazioak izango duen lehen itsas buia jarri du gaur goizean, Armintzan, Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariak. Ekintza horren bidez, olatuez baliatuta elektrizitatea sortzeko gailuen ikerkuntzan arituko den zentroaren eraikuntza abian jarri dute. Jose Ignacio Hormaeche Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) presidenteak azaldu duenez, 20 MW-eko potentzia izango du azpiegitura berriak eta, behin funtzionatzen egonda, 6.000 etxerentzako energia sortzeko kapazitatea ere bai. Hala ere, ez dute zehaztu noiz egongo den martxan. BIMEPen diseinua eta eraikuntza EEEk zuzenduko du, eta guztira 15 milioi euro jarri dituzte horretarako. Argazkian, Ibarretxe gaurko ekitaldian.

Europan BIPEMen antzeko ezaugarriak dituen instalazio bakarra dago Eskozian, potentzia aldetik mugatuagoa dena, nahiz eta inguruan probak eta saioak egiteko olatu handiagoak egon. Hartara, horrelako gailuak garatzeko Kantauri itsasoaren ezaugarriak "ezin egokiagoak" direla aipatu du Ibarretxek. Gauzak horrela, "energia ustiapen berriztagarriei lotutako teknologia berrien I+G alorrean Euskadi punta-puntako toki bihurtuko da Euskadi eta, azken batean, mundu osoan garatzen hasi diren eta etorkizun handia duten itsas energiaren inguruko teknologiak erakartzeko estrategiatzat" jo du BIMEP proiektua lehendakariak.

Garapen teknologikoa

Ildo horretan, egitasmoak dituen ezaugarri bereziak direla eta, "itsas energiaren alorrean erreferentzia-gunea izateko bidean" dela gaineratu du Hormaechek. Izan ere, itsasoan elektrizitatea sortzeko ekipoen garapenean diharduten ekoizleek aukera izango dute olatu-bihurgailuak probatzeko "toki egoki eta apropos batean", BIMEPek prototipoak probatzeko eta saiatzeko berariaz sortutako zentroan, hain zuzen ere. Hartara, itsasoan gailuek sortutako energia lehorrera bideratzeko parada izateaz gain, zuntz optikozko lineen bidez, zenbait datu garrantzitsu bildu ahal izango dute gailuen hobekuntza eta ikerketari begira; adibidez, errendimendu, energiaren ekoizpen eta fidagarritasunaren inguruko datuak, besteak beste.

EEEren presidentearen hitzetan, aipatu bihurgailuak dira instalazioaren "gakoa". Batetik, buiek gunea mugatu eta olatuen informazio "ahalik eta zehatzena" jasotzen dute: garaiera, korrontearen abiadura edota tenperatuta, hurrenez hurren. Bitartean, itsas ondoan jarritako bihurgailuek olatuen energia elektrizitate bihurtzen dute, kable malgu baten bitartez kostaldean dagoen estaziora doana.

Datuak bildu eta aztertu

Ikerketa lanak errazteko eta sustatzeko asmoz, ikerkuntza zentro berezi bat eraiki nahi dute Armintzan, itsasoan energia sortzeko gailuak une orotan kontrolatzeko eta monitorizatzeko tresnez eta baliabideez hornituta egongo dena. Olatu-kaptadoreek seinaleak eta datuak igorri edo emitituko dituzte eta horretarako espresuki jarritako zuntz optikozko kableen bitartez jasoko dira ikerketa zentroan. BIMEPen zerbitzuak erabiliko dituzten olatu-bihurgailuen fabrikatzaile guztiek izango dute aukera zentroan aritzeko. Fabrikatzaileekin batera, olatuen energiari buruzko jarduera zientifikoak egingo dituen ikerlari talde bat izango da, 30 bat lagunez osatua. Lan zientifiko horiek egiteko laborategiak, tailerrak eta bulegoak izango dira zentroan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun