Hala ere, azken hamabost urteotan enpresek pozarren eta lau haizeetara zabaldu dituzte sekulako irabaziak batere lotsarik gabe eta, bien bitartean, langileok ikusi behar izan dugu gure soldatek pisua galtzen zutela apurka, kontratuak gero eta miserablegoak zirela eta gure lanak gero eta ezengokorrago eta prekarioago bihurtzen zirela.
Orain, “krisiaren kontrako” deitzen dituzten, baina benetan enpresarien mesederako diren neurri horiei amen esatea nahi dute. Hau da, diru irabaziak eurentzako gorde beti, baina galerak denon artean ordaintzea nahi dute...
Honekin batera, krisiaren mamua erabili nahi dute gu beldurtzeko, langileon kontura euren bizi maila lotsagabeari eusten jarraitzeko: lan eskubideak berriro murriztu (kaleratzeak merkatu, flexibilitatea handitu, pentsioak gutxitu…), soldatak are gehiago gutxitu, aldi baterako langileak eta langile finkoak kalera bota,
azpikontratazioa handitu…
Baina hau guztia ez da aldaezina. Langileok, pentsiodunak, langabezian daudenak, gazteak… honen kontra borrokatu gaitezke.
Eredu ekonomiko, sozial eta politikoaren aldaketa ezinbesteko eta premiazkoa da. Euskal Herrian denok ongi bizitzeko behar besteko aberastasuna dago. Baina horretarako, aberastasun hori modu justu batean banatu beharra dago, ekonomia pertsonen mesederako eta ez alderantziz planifikatu behar da, kalitateko zerbitzu publikoetan inbertitu behar da, beste batzuen artean hezkuntza, osasun, babes ofizial, etxebizitza eskubideak bermatu daitezen. Eta, jakina, hau guztia burutu ahal izateko Euskal Herrian eredu ekonomiko, sozial eta politiko hori erabakitzeko eskubidearen jabe ere izatea ezinbestekoa dugu.
LAB sindikatua