Hilabete hasieran abiatu ziren, Lutxanako eskola zaharrean,
Tirante Plataformak antolatutako
Azaro Kulturalaren zazpigarren edizioa. Asteburu honetako egitaraua, gaur hasiko dute, Felix Blancoren "Hekatumba: ¿un final feliz para la raza humana?" hitzaldiarekin, 19:00etan. Ondoren, 22:00etan, "Mortimer" izenburuko helduentzako pailazo ikuskizuna taularatuko du Aritza Rodriguezek. Eta egunari bukaera emateko, "Vinagre" taldeak kontzertua emango du, 23:00etatik aurrera. Larunbatean, “El exilio de tus seres de PVC” antzezlana eskainiko du, 20:30ean, Katastrofen konpainiak, egitarauan agertu bezala. Gaueko kontzertua, ordea, aldatu behar izan dute: DJ Tirantillas-en ordez Lutxana Crew reggae taldeak joko du 23:00etatik aurrera. Igandean ere La Dolorosa taldearen "100 canciones de amor y un rojo desesperado" antzezlana egon behar zen arren, azkenean "Tu me latex" performance-a eskainiko dute Maite Castrok eta Itziar Markiegik, 19:30ean. Argazkian, aurtengo jardunaldien kartela.